2020ko agenda kultural koloretsua dakar Bilboko Udalak
2020-01-22 09:24 KultureaErakunde publikoek zein pribaduek antolatutako 120 jarduera inguru batu ditue.
Bilboko Udalak Kultura koloretan izeneko katalogoa argitaratu dau, 2020an urian egongo diran danetariko jarduera kulturalen arteko esanguratsuenak batzeko asmoz, 120 hitzordu danetara. Udalaren sailek ez eze, beste hainbat eragilek hartu dabe parte gidaliburua egiten: Bilbao Ekintzak, Arriaga Antzokiak, Bilbao Musikak, ABAOk, Zirkozaurrek, Azkuna Zentroak eta abar.
Urteko agenda horretan batzen dira Bilboko espazio eszenikoetan, erakuslekuetan eta sorkuntza-zentroetan antolatzen diran ekintzak. Tartean dagoz jaialdi eta egitarauak be, hortaz, 120 proposamenak milatik gora bihurtzen dira ekitaldiak bana-banaka kontau ezkero. Askotariko jarduerak sartu ditue agendan, edade guztiak aintzat hartuta.
Estetika abangoardistea eta itxura koloretsua emon deutsie argitalpenari, herritarrak zein bisitariak erakarteko eta agirian ixteko Bilboko eskaintza kultural askotariko, deszentralizau eta bikaina, Udalaren arabera.
Jarduera klasearen araberako bederatzi atal nagusitan banatu dabe gidea, bakotxa kolore bati lotua. Arte eszenikoak, museoak, musikea, ikus-entzunezkoak eta jai herrikoiak dira gai horreetako batzuk.
Kultura koloretan eskuliburua banatzen hasi da Bilboko Udala, doban, udaltegi eta beste ekipamendu batzuen bidez. Papelezko 10.000 ale argitaratu ditue, euskeraz eta gaztelaniaz, baina interneten be topau leiteke, Udalaren webgunean, baita pdf formatuan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!