Getxoko Turismo Bulegoak kalidadearen Q ziurtagiria barritzeko diplomea jasoko dau FITUR-en

Bizkaie! 2020-01-21 13:24   Kulturea

Düsseldorf Boot 2020 Azoka Nautikora be joango da.

Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean, Getxoko Turismo Bulegoak FITUR Nazinoarteko Turismo Azokan hartuko dau parte, beste urte batez. Bertan, kalidade turistikoaren Q ziurtagiria barritzeko diplomea jasoko dau, turistei eta bisitariei eskainitako produktuen eta zerbitzuen kalidadea ziurtatzen dauen sistemea. Azken azterketan 971,66 puntu lortu zituan 1000 puntutik. Getxoko Udaleko Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazo dauenez, 'duda barik, puntuazino hau udal zerbitzuak egindako bidearen isla da, baita etenbako hobekuntzearen eta erabiltzaileei kalidadeko zerbitzuak emotearen aldeko apustu garbiaren isla be'.

Getxok FITUR-en erakutsiko dauen eskaintza turistikoa Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren Euskadi-Basque Country standean egongo da. Stand horrek Bilboko eta Bizkaiko erakargarri turistikoak batzen ditu, Foru Aldundiak koordinauta. Stand honetan aurreikusitako programazinoaren barruan, Irantzu Uriartek eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendari nagusiak DEAPIE: ibilbide autogidatuak proiektua aurkeztuko dabe: Getxoko arkitekturan eta paisajean oinarritutako ibilbide kulturalen bidez, udalerria eta bertako jentea ezagutzeko modu barri bat eskaintzen da. Sektoreko udalerriko hainbat enpresa be azokara joango dira euren eskaintzearen barri emoten.


Gure eskaintza turistikoa

Getxo ikusgarri dago bai Euskadiko Euskal Kostaldearen eskaintza turistikoa jasoten daben liburuxken bidez, bai, besteak beste, Getxo sustapen-liburuxka barritua barrubatzen daben liburuxka eta dossier turistikoen bidez. Euskarri horretan koloreak eta argazki ederrak dira nagusi, eta udalerri osoa aurkezten da bertan ondoko arloetan, besteak beste, natura, monumentu, kalidade, kultura zein kirol arloetan. Getxoko eta Abrako Badiako hiru udalerri turistikoetako mapa turistikoak be aurkeztuko ditu: Santurtzi, Portugalete eta Getxo; Getxo gozetako planak liburuxkea, ondoko gaietan sailkatuta: Aktiboa, Kostaldea, Monumentu-kulturala eta Gastronomia; baliabide turistiko nagusien liburuxkak, Bizkaia Zubia, Portu Zaharra, La Galea; edo Getxoko ondarearen aldeko ibilbideen flyerra, teknologia eta eskuko tresnen bidez. Getxoko eta Euskadiko 2020rako ekitaldi nagusien agendea be bertan izango da.

Era berean, Getxoko eskaintza turistikoa Euskadiko eta Bilbo-Bizkaiko zenbait liburuxka eta argitalpenen bidez be egongo da: Euskal Kostaldea, helmugako eskaintzea osotzen daben produktuen eduki nabarmenak eskaintzen dituana: touring, itsas-kulturea eta museoen sarea, jarduera nautikoak eta surfa eta kostaldeko gastronomia, edo Bilbao-Bizkaia, The Place To Be, mundu mailako musika jaialdi eta ekitaldien eskaintzea; kirol eta txapelketa parebakoak; sustrai kulturalakaz lotutako jazoerak; zinemea, antzerkia, literaturea, diseinua eta artea.


Getxo Düsseldorf Boot 2020an

Getxoko Turismo Bulegoa bertan izango da, promozino-liburuxken bidez, Boot 2020 – Düsseldorfeko Nautika Aretoan, urtarrilaren 26ra arte. Topaketa hau munduko lehenengoa da itsas kirol eta itsasontzietan.

Getxoko eskaintzea stand bitan egongo da: Estaduko portuenean (Bilboko Portuko Agintaritzeak Getxo eta Bilbo-Bizkaia sustatuko ditu barku eta lujo handiko yateen helmuga legez, lehiaketan parte hartuko daben armadoreen artean) eta North Marinasenean, gainerako euskal portuakaz batera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu