Arte garaikidea eta literaturea buztartzen dituan topaketea dakar Consonnik
2020-01-21 08:01 KultureaHitzorduak feminismoak izango ditu bide-orri.
Consonni argitaletxeak Azkuna Zentroa, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroaren urte biko egonaldia amaitu dau. Egoitza honetan, 2018-2019an, Consonnik #consonniradioconAz irratia sortu eta berbeagaz eta irratiagaz esperimentuak egin ditu, kultura kritikoa zabalduz.
Egonaldi-amaiera hori dala eta, Azkuna Zentroak eta Consonnik, emakume sortzaileen topaketa bat antolatu dabe, arte garaikidea eta literaturea hartu-emonetan jarteko, feminismoa bide-orri legez eta irratia transmisoretzat hartuta. Horretarako, agur esateko Radio Show Live bat antolatu dau zentroaren auditorioan eta funtsezko hiru literatura-lan hartuko ditu ardatz: Batetik, hirurogeita hamarreko hamarkadan idatzitako nobela bi: Marge Piercy-ren Mujer al borde del tiempo eta Lucy R. Lippard-en Yo veo/Tú significas. Bestetik, Donna J. Haraway-ren Seguir con el problema saiakerea.
Berbakaz olgetan dauen lanak aktibismo feministan ibilbide luzeko hiru egile ditu ardatz; Piercy, Lippard eta Harawayk bizi garen munduari buruzko begirada kritikoa izateko eta eszenatoki hobeak irudikatzeko eskatzen deuskue. Hasteko, literatura-lanak sartzeko eta literatura espekulatibo eta esperimentalaz berba egiteko, Teresa López-Pellisak moderautako mahai-inguru bikaina dogu, Haizea Barcenilla, Helen Torres eta Arrate Hidalgogaz.
Ekitaldi nagusia Idoia Zabaleta, Mursego eta María Arnal lako artista erreferentzialena da, liburu horreek arteetatik zuzenean eta musikatik interpretetako gonbidatuak, berbea gorputz, ekintza eta soinu bihurtuz. Diziplina eta belaunaldi ezbardinetako emakume sortzaileak gurutzatzen dira: Mursego eta Lucy Lippard; Idoia Zabaleta eta Marge Piercy eta Maria Arnal eta Donna Haraway. Batzuen testuak inspirazino-iturri dira besteentzat. Zabaletak, Arnalek eta Mursegok literatur lan bakotxaren interpretazino personala egiten dabe.
Liburuak metamorfosiau egiten dira hasierak aktibetako eta alkarregaz irudikatzeko. Zuzeneko Radio Show hau urte bi honeetan bizitakoa gogoratzeko momentua da, eta azken urte horreetan zabaldutako edukiak (podcastak eta liburuak) posible egin dituen personei eskerrak emoteko unea.
Parte –hartzaileak
Teresa López-Pellisa. Literatura irakaslea da Balear Ugarteetako Unibersidadean. Humanidadeetan doktorea (Literatura Arloa), Madrilgo Carlos III Unibersidadean, Literaturearen Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziatua (Bartzelonako Unibersidade Autonomoan) eta Humanidadeetan lizentziatua (Madrilgo Carlos III Unibersidadean).
Mursego. Maite Arroitajauregi da. Mursego saguzarra da portugesez. Mursegok musikea egiten dau txelo, pedal loop station, txiflo, plater txinatarrak, enbolo-flautea, panderetea, ukelelea, koloretako argiko tekladua, autoharpea, errimak, palmak, inprobisazinoa eta ahotsa erabiliz. 2009tik aurrera, berezko lengoaia musikala bilatzen jarraitu dau, abangoardia, folklorea eta musika klasikoa buztartu eta emoitza legez kontzertu ugari emonez. Haren musika lana Jantza Garaikideagaz eta Antzerkiarekin tartekatuz joan da, ikus-entzunezkoen munduan oinarrituz, eta film luzeetarako soinu-bandak osotuz -Amama, Emak Bakia Morir, Akelarre... -, laburrak eta dokumentalak, Isaki Lakuesta, Fernando Franco, Oskar Alegria edo Asier Altuna lako zuzendariakaz alkarlanean.
Helen Torres. Uruguain jaio, Argentinan hazi, eta Katalunian bizi da. Soziologo, hezitzaile eta itzultzaile lan egiten dau, ikuspegi feminista eta antikolonialetatik, hizkuntzearen, artearen eta politikearen arteko artikulazinoan. Espazio publikoan esku-hartzeak eginditu soinu-narratiba geolokalizatuen eta literatura-ibilaldien bidez; eleberri bat argitaratu dau (Autopsia de una langosta, Melusina, 2010) eta kontakizunen antologia bat (Relatos Marranos, 2015).
Arrate Hidalgo. Itzultzailea, editorea, kritikaria eta agitatzailea da zientzia fikzino feministearen alorrean. Sortzaileen, komunikabideen eta nazinoarteko publikoen arteko zubi lez jarduten dau, militantzia artistikoko sareak ehunduz prisma cuir batetik. 2014tik zientzia fikzinoa, ahots feministak, cuir eta deskolonialak itzultzen espezializau da. Aqueduct Press eta The Cascadia Subduction Zone aldizkarietako editore burua da. ZFFZ! Irakurketa-taldea eta Zarauzko LGBTQ sarea dira, besteak beste, esplorazino/dibulgazino espekulatiboko proiektuak. AnsibleFest, estaduko lehen zientzia fikzino eta feminismo jaialdiaren sortzailea da, Bilbon antolatzen dana, eta aurten bigarren edizioa bete dauena.
Haizea Barcenilla. Artearen historialaria, kritikaria eta komisarioa da. UPV/EHUko Museologia eta Arte Garaikideko arloetako irakaslea da, eta artearen historiaren diskursoa ikuspegi feministatik zelan eregiten dan ikertzen dau.
Idoia Zabaleta. Koreografoa. Biologia Fakultadean ekosistemetan eta populazinoen dinamikan espezializau zan. Mal Pelo konpainiagaz egin eban lan 1995 eta 1999 artean. 2000tik, lan propioa sortu eban beste artista eta ikertzaile batzuekaz alkarlanean. 2008tik, Juan Gonzalezegaz batera eregi eta gobernatzen dau Azala sorkuntza gunea.
Maria Arnal. Abeslaria eta konpositorea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!