'Cholitas' zinema-aretoetan urtarrilaren 24an

Bizkaie! 2020-01-17 13:10   Zinemea

Bart Iruñeako Golem Baionan egindako aurre-estreinaldirako sarrerak agortu egin ziran.

Cholitas, joandako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko 12. edizinoan Epaimahaiaren saria irabazi eban pelikulea, jendartean sekulako harrerea jaso ebana, zinema-aretoetan ikusi ahal izango dogu urtarrilaren 24an, Golem-en, Iruñean (Golem Yamaguchi) eta Bilbon (Golem Alhondiga). Aurre estreinaldia, barriz, urtarrilaren 23an egingo da, Iruñeko Golem Baionan.

Mendi Tour 2020 zirkuituan be ikusi ahal izango da pelikulea. Hasteko, Donostian, urtarrilaren 28an (Antzoki Zaharra), eta Zangozan urtarrilaren 31ean (Karmengo Entzutegia). Mendi Filmeko pelikula onenak ikusteko aukerea eskaintzen dauen ziklo ibiltaria da Mendi Tourra. Laster jakinaraziko dabe 2020ko egutegia.


Cholitas

Boliviako bost emakume indigena, mendi espedizino berezi baten protagonista bihurtuko dira. Askatasun haizea eta ahalduntze deiadarra ozen goratuta, Ameriketako mendirik altuena eskalau gura dabe: Aconcagua. Itxura deigarria dabe, izan be, soineko tradizionalakaz egiten dabe mendian gora. Mendizale eta emakume ausartak dira, mendian libre, zoriontsu eta bizi sentiduten diranak. Emakume izate inspiragarria erakutsiko deutsie munduari eta aldi berean, tradizinoa ulertzeko eta ama natureagaz hartu-emonetan jarteko era berezi bat.

Jaime Murciego eta Pablo Iraburu izan dira zuzendariak:

Jaime Murciego freelance errealizatzailea da eta hainbat komunikabiderentzat egin dau lan. 2015ean zuzendu eban lehen film labur dokumentala, Boxgirls; nazinoarteko 40 jaialdi baino gehiagotan parte hartu dau filmagaz. 2016an, Cholita mendizaleei buruzko artikulu bat irakurri eta eurekaz bat egin eban. Boliviara joan eta han ezagutu zituan Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliaren amesa aurrera eroaten lagundu eta grabazino lanak egiteko.

Pablo Iraburu Arena Comunicacion etxearen sortzailea da. 20 urte daroaz dokumentalak eginez, mundu osoan, tartean: Nomadak TX, Pura Vida, Muros, District Zero eta Elkarrekin-Together.

Cholitas pelikulea, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendiko zinemaldiaren 12. edizinoan estreinau eben, pasa dan abenduan, eta Epaimahaiaren Saria irabazi eban, ezkutuko gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat erakusten dituan istorio handia dalako.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu