Asteon amaituko da 'Harrerea' erakusketea

Bizkaie! 2020-01-15 09:10   Kulturea

Urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik Bilbon.





Aste honetan amaituko da joan dan urteko zemendiaren 28an Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa aretoan erakutsitako Harrerea erakusketea. 22 artistak, urritasun psikikoa edo adimenekoa daben artistak, traba bako Bilbao FormArte arte eskolako ikaslek, 21 artelan erakutsi ditue, eta erakusketeak oso harrera ona jaso dau erakusketa aretora hurreratutako ehunka personen artean.

Traba bako Bilbao FormArte arte eskolea, urritasun psikikoa edo adimenekoa daben personei arte sorkuntzearen bitartez garapen personalerako eta profesionalerako programea emoten deutsen prestakuntza zentroa da.

Harrerea izenburuko erakusketan hainbat teknika eta euskarri erabilita egindako margolanak eta eskulturak dagoz: instalazinoak, marketeria lanak, ikus-entzunezkoen emonaldiak... Lanak mueta askotakoak dira, eta gizakiakan topetan doguzan edertasuna eta maitasuna eta krueltasuna eta gorrotoa.

Erakusketan parte hartzen daben 21 artistek 10 hilebete egin ditue Harrerea proiektuan beharrean. Informazino fasean, Gogora institutuak, Frantziara, Belgikara, Ingalaterrara eta Errusiara babes bila joan behar izan eben Espainiako Gerra Zibileko umeen lekukotzakaz egin dituan bideoak ikusi zituen.

Gernikako Bakearen Museora egindako bisitak eta Arteako Giltzik Bako Etxetik egindako beste ibilbide batek, gatazka belikoei aurre egin beharraren eta harrerearen garrantziaren ganeko gogoetak sortu zituen ikasleen artean, eta gogoeta horreek, erakusketan ikusi daitekezan artelanetako batzuetan islatzen dira.

Dokumentazino eta errefuxiatuakaz hartu-emon fase horren emoitza dira Harrerea erakusketan erakusten diran mueta guztietako 21 artelanak.

Artistak ondokoak dira: Claudia Aguinaga Gumuzio (Has dadila funtzioa), Lucía Arístegui Echevarría (Nik babesten zaitut), Sergio Fernández Gallastegi (Errautsetatik urteten), Imanol Yébenes Pozo (Denon artean hobeto ereingo dogu) Miren Santiago Bilbao (Kontsolamendua), Jon Ander Gil Hernández (Non dago muga?), Leire Zelaia Eizagirre (Sua), Arantza Campino Villegas (Batetik nahiz bestetik begiratu...), Igor Plaza Tolosa (Harrerea versus arbuioa), Miguel Cordero González (Harrera unibersala), Daniel Esteves Alonso (Espazioa, azken mugea), Inés Subijana Puertas (Hiru begirada: bardintasuna, askatasuna, bizitza) Alex Ortega de la Serna (Danontzako ispilua), Gorka Guezuraga Delgado (Babesbakotasun xaloa), Estibaliz García Bernales (Ongi etorri Giltzik Bakoko Etxera), Itziar Gil Hernández (Busti zaitez), Estibaliz Ortiz de Laiseca Uribe (Bizirik aterako ete naiz?), Nerea Vergara Luis (SOS - Ba al da inor hor?), Uxue Azaola Sanz (Bizitza aldean) eta Marisa González Martín (Erdu nirekin ehuntzera). Gorka Pérez Matosek eta Arrate San Armoleak Bakerako bidea aurkeztu dabe, erakusketan dagoan egile bat baino gehiagoko artelan bakarra.

Sevillako suhiltzaile batzuek Egeo itsasoan egindako lan solidarioa, Gernikako Arbolea, gerrek eragiten daben biziraupenaren, sarraskiaren eta minaren ikur moduan, ume errefuxiatuen sufrimentua edo mugak zalantzan jartea dira erakusten diran artelanetan ikusi daitekezan gaietako batzuk.

Beste behin, Bizkaiko Batzarrek, Lurraldean dabizen artisten beharra gizarte osora helduazoteko bozgorailu izan gura dauen lekua eskintzeko apustua egiten dabe. Aste honetan amaituko dan Harrerea erakusketea helburu horren beste adibide bat da.

Kontuak kontu, urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sartzea librea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu