Bigarrenez egingo dabe lasterketea Bilboko Metroko trenbidetik
2020-01-15 08:07 KirolaMartiaren 22tik 23rako gauean izango da.
UnderRun lasterketearen bigarren edizinoa aurkeztu dau Metro Bilbaok, hainbat kirolariren laguntzinoagaz egindako agerraldian. Igor Anton, Eneko Van Horenbeke, Begoña Beristain, Rocío Ybarra eta Javi Conde dira lasterketearen aitabitxi eta amabitxi lanak egin dituenak.
Berezitasun handi bat dauka UnderRun lasterketeak: Metroaren tuneletatik doa ibilbide osoa, trenbidetik. Bigarren edizino hau Moyuako geltokian hasiko da, eta 2. linearen ibilbidetik, Indautxu, San Mames, Deustu, Sarriko, San Inazio eta Gurutzetako geltokiak pasauta, Ansion amaituko da; danetara, 7,8 km. Beraz, Itsasadarraren azpitik bi bidar pasauko dira parte-hartzaileak.
Metroaren zerbitzua amaitu arte itxaron behar danez, gauez egingo dabe lasterketea, martiaren 22tik 23ra. Izena emoteko epea zablik dago, urtarrilaren 31ra arte, eta antolatzaileek 200 korrikalari inguru espero ditue. Segurtasun kontuak dirala eta, parte-hartzaileak 20 laguneko taldeetan banatuko ditue, eta bost minuturik behin urtengo dabe.
Izena emoteko 20 euro pagau beharko dira, eta helburu solidarioetan erabiliko dabe batutako diru guztia. Aniztasun funtzionala daben umeei kirola egin ahal izan deien laguntzen deutsen Haszten alkarteari lagunduko deutsie.
Informazino gehaigo eta izena emoteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!