Gaztekluba Ideiak jarri dau martxan Bilboko Udalak
2020-01-14 09:12 Pil-pileanGazteei astialdi osasungarriko programak sortzen lagunduko deutsie.
Lehenengo aldiz ipini dau martxan Bilboko Udalak Gaztekluba Ideiak izeneko ekimen hau, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Astialdi osasungarriagaz lotutako proposamenak bialdu ahal izango ditue parte-hartzaileek, eta Udalak onenak aukeratu eta diruz lagunduko ditu, benetan egin daitezan.
Interesa daben gazteek zezeilaren 21era arte aurkeztu leikiez proposamenak, Bilbaogazte webgunearen bidez, taldeka (gitxienez hiru gazteren izenean aurkeztu behar da proposamen bakotxa). Aste Santuan, udako oporretan edo bagilera bitarteko asteburuetan egiteko jarduerak izan beharko dira, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako aproposak, espazio edegi edo komunitarioetan.
Gazteen interes eta zaletasunakaz bat datozan eta osasunerako onuragarriak diran jarduerak bilatuko ditue Gaztekluba Ideiak lehiaketan. Udalak zehaztu dauenez, arte plastikoak zein eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kirola, musikea eta abar izan leitekez.
Proposamen guztiak jasota, Udalak bost aukeratuko ditu, eta gehienez 2.000 euro emongo deutsaz bakotxari. Proiektuen arduradun diran gazteak Gaztekluba udal-programako profesionalek dinamizautako saioetara joango dira, ideak zehazten eta gauzatzen joan daitezan.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Errotetak nabarmendu dauenez, gazteakaz astialdi osasungarriaren kulturea eregi nahi dogu, eta udal programazinoaren diseinuan gazteek parte hartu deien sustatu. Gaztekluba Ideiak lehiaketearen bidez, gazteen ekimenean, sormenean, antolatzeko gaitasunean eta talde-lanean eragiteko asmoa dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!