Oscar Sarietako hamaika izendapen ditu 'Joker'-ek

Bizkaie! 2020-01-14 08:02   Zinemea

The Irishman, Once Upon A Time In... Hollywood eta 1917 filmek hamarna ditue.

'Joker', izendapen gehien daukan filma | Ikusi handiago | Argazki originala

Faborito garbi bako edizinoa izango da 2020koa Oscar Sarietan, goi mailako hainbat film lehiatuko diralako. Horren erakusgarri da hautagaien zerrendea: Joker-ek ditu izendapen gehien, hamaika, baina atze-atzetik datoz beste hiru film, hamarnagaz: The Irishman, Once Upon A Time In... Hollywood eta 1917.

Horreek lau pelikulak hautagai dira urteko filmik onenaren kategorian, baita Parasite, Le Mans '66, Marriage Story, Little Women eta Jojo Rabbit be. Boon Jong-ho korearraren Parasite-ren kasua da deigarriena, ingelesez ez diran lan gitxi izaten diralako film onenerako hautagai. Jakina, ingelesez ez dan filmik onenaren atalean be izendauta dago Parasite, eta faborito nagusia da hor, Pedro Almodóvarren Dolor y gloria-ren baimenaz.

Boon Jong-ho zuzendaririk onenaren atalean be hautagai da. Lehia gogorra egongo da kategoria horretan, kontuan hartuta beste hautagaiak Martin Scorsese, Quentin Tarantino, Sam Mendes eta Todd Phillips dirala. Emakumezko zuzendaririk ez, 2019an legez.

Aktore nagusien kategorietan, Renée Zellweger emakumeetan eta, batez be, Joaquin Phoenix gizonetan dira faborito. Beste hautagaiak honeek dira: Scarlett Johansson, Saoirse Ronan, Cynthia Erivo eta Charlize Theron emakumeetan, eta Adam Driver, Jonathan Pryce, Leonardo Di Caprio eta Antonio Banderas gizonetan.

Bigarren mailako aktoreen artean, Urrezko Globoetako bost hautagai gizonezkoak barriro izango dira lehian: Brad Pitt, Al Pacino, Joe Pesci, Anthony Hopkins eta Tom Hanks. Emakumeetan, honeek dira hautagaiak: Kathy Bates, Laura Dern, Scarlett Johansson, Margot Robbie eta Florence Pugh.

Honenbestez, kinielak egiten hasteko ordua da, kategoria gehienetan gauzak estu egongo diran arren. Ze pelikulak eroango dauen Oscar gehien igartea be ez da erraza izango aurten. Zezeilaren 9an banatuko ditue sariak, Kaliforniako Los Angeles urian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu