'Caminando sobre las olas' dokumental bildumea aurkeztu dabe Sopelan

Bizkaie! 2020-01-13 13:43   Zinemea

Kepa Acero surflari bizkaitarraren abenturak jorratu ditue.

Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izan da gaur goizean Caminando sobre las olas dokumental bildumearen aurkezpen ofizialaren eszenatokia; 13 kapituluko serie honetan Kepa Acero bizkaitar surflari eta dokumentalgile ezagunak Kostaldeko Done Jakue Bidea edo Iparraldeko Bidea egiten dau, serie guztian zehar surfa ardatz hartuta.

Aurkezpenean Kepa Acero protagonistak berak, Josu Landaluze Sopelako alkateak, Teresa Fernandez Enplegu eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa bultzatzeko zuzendari nagusiak eta Aitor Gabiña Surf Channel kanaleko zuzendariak parte hartu dabe.

Alkateak esan dau Udalak konpromiso sendoa hartu dauela Sopela surfarentzako leku estrategiko eta erakargarri bihurtu daiten eta horretarako modu aktiboan gabiz lanean sektoreko erakundeakaz, surfaren enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko ekimen eta jarduerak jorratu eta martxan jarriz. Bestalde, Teresa Fernandezek, surfaren sektoreak dinamizazino ekonomikorako, produktibidadea indartzeko eta
enplegu kualifikatua sortzeko dauen gaitasuna azpimarratu dau. Bihar-etziko udalerrian oinarrizko sektorea da.

Dokumentalak Kepa Acero surflari ezagunaren abenturak dakarz, kirolari bizkaitarrak Kantauriko erlatx osoa, Irundik Finisterrera, bere bizikleta eta tauleagaz zeharkatu dau, kostaldeko Done Jakue Bidea (Iparraldeko Bidea) eginez. Telesailak protagonistearen alderdirik gizatiarrena erakutsiko dau eta, horrezaz gan, ikusleek herriak, oso ezagunak ez diran txokoak, surfa egiteko hondartzak eta leku bakotxeko ohiturak, gastronomia eta personaia nabarmenak ezagutzeko aukerea izango dabe, euren kontu eta pasadizoakaz.

Acerok, etapatan, Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galiziako kostaldeak erakutsiko ditu 30 minutuko iraupeneko 13 ataletan; bisitau dituan herrien artean Irun, Hondarribi, Zarautz, Donostia, Mutriku, Lekeitio, Bakio, Sopela, Getxo, Castro, Somo, Santander, San Vicente de la Barquera, Llanes, Ribadesella, Gijón, Salinas, Navia, Ribadeo, Burela, Ferrol, Malpica, Finisterre edo Santiago de
Compostela ikusi ahal izango ditugu, besteak beste.

Telesaila Surf Channelek eta RTVEk koproduzidu dabe eta, besteak beste, R-Grupo Euskaltelen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Sopelako Udalaren laguntzinoa dau.

Euskaltelen Bideotekan, Surf Channel kanalean eta RTVEko La2 kanalean be emitiduko da, baita RENFEn eta ALSAn be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu