Arte plastiko eta ikusizkoetan, 64 proiektu babestu zituan Jaurlaritzeak 2019an

Bizkaie! 2020-01-13 13:09   Kulturea

Obrak produzidu, argitaratu eta zabaltzeko, 445.000 euroko inbersinoa egin eban Kultura Sailak.

2019ko Gure Artea Sarien barri emoteko ekitaldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko diru-laguntzino deialdien bidez, 64 proiektu babestu zituan igaz. Laguntzinoen hiru modalidadeetan, guztira 445.000 euro banatu ziran artista eta kolektiboen artean. Era berean, Gure Artea Sarietan hiru sari emon eutsiezen, bakotxa 18.000 eurokoa, arte plastiko eta bisualen esparruko erreferentziazko artistei. 2019an, Miren Arenzana, Sahatsa Jauregi eta Mikel Arakis izan ziran irabazleak.

2019ko deialdiko lehenengo modalidadean, artista plastiko eta ikusizkoei euren proiektuak sortzen eta produziduten lagundu eutsien, 260.000 euro erabilita: 5.000 eta 12.000 euro arteko 40 laguntzino emon zituan Jaurlaritzeak. Nora Aurrekoetxea, Tana Garrido, Amaia Molinet, Ixone Sadaba... egon ziran babestutako artisten artean.

Bigarren modalidadearen helburua da arte plastiko eta ikusizkoen alorreko lanak argitaratzeko laguntzinoa emotea. Igaz, 2.370 eta 13.990 euro arteko 16 dirulaguntzino emon ziran, guztira 121.000 euro. Honeek dira babestutako proiektu batzuk: Roberto Aguirrezabalaren Antimanifiesto; Zaloa Ipiñaren Gorreri Bisuala; eta Sra. Polaroiskaren azken lana.

Azkenik, hirugarren modalidadearen bitartez, arte plastikoen zabalkundea bultzatzen dau Jaurlaritzeak, igaz 54.994 euro erabilita. Besteak beste, Mem Artesalia jaialdia, Zarata Fest eta Inmersiones 2019 egon ziran lagundutakoen artean.

Deialdi nagusiaz gan, arte plastikoak eta ikusizkoak bultzatzeko beste ekimen batzuk be antolatu zituan Eusko Jaurlaritzeak 2019an. Gorago aitatutako Gure Artea Sariez gan, euskal arte garaikidearen testuingurua sustatzeko Eremuak programea aitagarria da, 240.000 euroko inbersinoa jaso ebalako igaz. Ganera, Sorgune eta Bitartez jaialdiak be ez dira ahaztu behar. Kulturearen alor ugari hartzen dituen arren, arte plastikoek eta ikusizkoek pisu handia izaten dabe deialdiotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu