Egitarau barria eta bonua aurkeztu ditu San Agustin kulturguneak
2020-01-10 13:29 Kulturea20 euroren truke hiru ikuskizunetara joateko modua emongo dau bonuak.
Hurrengo hileetarako egitarauaren barri emon dau Durangoko San Agustin kulturguneak, eta, bide batez, 20tan 3! bonu barria publikoaren esku ipiniko dabela aurreratu dabe. Bazkide ez diranentzako bonua da hori: 20 euroan salduko dabe bakotxa, eta programazinoko hiru ikuskizunetara joateko eskubidea emongo dau.
San Agustineko zuzendari Arantza Arrazolak azaldu dauenez, herritarrak kulturgunera erakarri nahi ditue bono barriagaz, eta emonaldi kulturalak Durangon bertan disfrutau deiezan erraztu. Izan be, ohikoa da jentea uri handiagoetako aretoetara joatea, baina San Agustinek be egitarau askotarko eta potoloa dauka.
Bazkide egiteko epea be zabalik dago. Prezio merkeak ipini ditue, igazkoen bardinak: 25 euro nagusientzat, eta 5 umeentzat. Bazkideek deskontuak izango ditue ikuskizun guztietan, eta urtero emonaldi bi doban ikusi leikiez.
Egitarauan dagoeneko 15 ikuskizun daukiez hurrengo hileetarako lotuta. Lehenengoa, Ttanttaka Teatroren Deje su mensaje después de la señal antzezlana izango da, domeka honetan bertan, urtarrilaren 12an. 19:00etan hasiko da, helduentzako ikuskizunak aurrerantzean ordu horretan izango diralako, San Agustineko arduradunen arabera.
Urtarrila amaitu orduko, euskal antzerkigintzeagaz beste hitzordu mamintsu bi iragarri ditue San Agustinen. 19an, Atx Teatrok Kaskarot estreinau barria eroango dau Durangora, familia osoarentzako aproposa dan antzezlana. 25ean, Zaldi urdina egongo da oholtzan.
Zezeiletik maiatzera, antzerki gehiago egongo da San Agustinen, baita jantzea, zirkua eta txotxongiloak be. Durangoko Karrikan taldeak ikuskizun barria erakutsiko dau, baina horretarako apirilera itxaron beharko dogu. Ganera, urtetik urterako jaialdi eta topaketek be ez dabe hutsik egingo: Topaklown, Udagiro...
Maiatzera bitarteko programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!