Argazkiak, pinturea eta Endika Basagurenen instalazinoa, Expodistriton

Bizkaie! 2020-01-10 12:05   Kulturea

Bilboko auzo ugaritara helduko dira 2020ko lehen hiruhilekoko erakusketak.

Txomin Goyoaga, 'Euskerean bidetik' bildumako koadro batzuen aurrean (argazkia: Hauxeda.com) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohiko moduan, inguruko artisten aldeko apustua egin dau Bilboko Udalaren Expodistrito programearen urteko lehenengo hiruhilekoko egitarauak. Danetara, lau pintura erakusketa, argazkien beste bat eta Endika Basagurenen instalazino bat ikusi ahal izango dira barrutietako udaltegietan eta beste ekipamendu publiko batzuetan.

Astelehenean, urtarrilaren 13an, zabalduko ditue egitarauko lehenengo erakusketak, eta txandaka eroango ditue auzorik auzo, martiaren 31ra arte. Txomin Goyoagaren Euskerean bidetik bildumea da hiruhileko honetako proposamen deigarrienetako bat. Orio-pinturen bitartez, euskerea eta bide horretan bertsolariek, poetek, abeslariek eta euskaltzaleek egin daben bidea omendu gura ditu artisteak.

Bakarkako beste pintura erakusketa biak Montserrat Villamayorren Mis espacios, mis pasiones eta Román Arostegiren paisaje eta ikuspegi naturalak dira. Taldekakoan, ostera, hogei sortzailek hartu dabe parte.

Iñaki Alonsoren Tras la cámara, miradas. Frente a la cámara, momentos, bestetik, argazki erakusketea da. Azkenik, Endika Basagurenek World Sweet World atondu dau, marrazkigintzea eta eskultura txikiak batzen dituan instalazinoa. New Yorken, Londresen eta Miamin ikusi ahal izan da Basagurenen lana, Bilbora etorri aurretik.

Erakusketak honako udaltegietan ikusi ahal izango dira urtarrilaren 13tik 30era:

- San Inazion, Montserrat Villamayor.

- Errekalden, Román Arostegi.

- Abandon, taldekako erakusketea.

- San Frantziskon, Txomin Goyoaga.

- Otxarkoagan, Iñaki Alonso.

- Begoñan, Endika Basaguren.

Ondoren, martiaren amaierara arte, erakusketak txandaka pasauko dira beste udaltegi batzuetatik. Era horretara, Bilboko auzo guztietako herritarrek disfrutau ahal izango dabe arteaz. Izan be, Expodistritoren helburuak dira uriko eskaintza artistikoa deszentralizetea eta artista gazteen zein beste batzuen obrak gizarteratzea. Erakusketetara sartzea doban da.

Argazkia: Hauxeda.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu