Kopla Txikien Txapelketarako deia egin dabe Bilboko Konparsek
2020-01-10 10:09 Pil-pileanAratusteei ekiteko hitzordua izango da zezeilaren 15ekoa.
Gabonak amaitu barri, eta Aratusteak laster datozala gogoratu eragin deusku Bilboko Konparsen oharrak: Dagoeneko zabalik dago Kopla Txikien Txapelketan izena emoteko epea. Nahi daben taldeek hartu leikie parte, kuadrilla, bertso eskola, konparsa, abesbatza zein bestelakoek. Baldintza nagusiak honeek dira: Koplak mozorrotuta kantetea eta taldean gitxienez bost lagun egotea.
Lehiaketea bera zezeilaren 15ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan. Izena emoteko epea zezeilaren 3ra arte dago zabalik, eta inskripzinoa beteteagaz batera, taldeek koplen berbak entregau beharko ditue. Berbak euskeraz zein gaztelaniaz izan leitekez, eta doinua librea da. Tradizionalak edo beren-beregi asmautakoak izan leitekez doinuok.
Izena emoteko orria hemen dago. Behin inskripzinoa beteta, orria eta koplen berben transkripzinoa posta elektronikoz bialdu leitekez, edo Konparsetako arduradunei eskura emon, Bilboko Zabalbide kalean daukien egoitzan (goizez). Informazino gehiagorako, Konparsakaz (946791306) zein Bizkaiko Abesbatzen Alkarteagaz (944 244 045) egin leiteke berba, erakunde biok dabizalako lehiaketea antolatzen.
Aratusteetako kopla txikiak aspaldiko tradizinoa dira Bilbon. Lekukotasunik zaharrena 1515ekoa da, sindikoak alkateari gutuna bialdu eutsanekoa, kopla horreetan esaten ziran kritika eta sarkasmoak azaltzeko. Izan be, kopla txikietan ohikoak dira kritika sozial eta politikoa, sarkasmoa eta ironia, beti umore handiz.
Beti-betiko tradizino hori gaurkotu dabe Bilboko Konparsek urteroko lehiaketan, Bizkaiko Abesbatzen Alkartearen laguntasunagaz. Mozorro koloretsu eta koreografia irudimentsuak gehitu deutseez koplei, eta bilbotar guztiei parte hartzeko deia egin deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!