Juliantxo Irujoren koadro abstraktuak, Bilbon ikusgai

Bizkaie! 2020-01-09 12:18   Kulturea

2015ean hildako artisteari egindako omenaldia be bada Bizkaia Aretoko erakusketea.

Hil aurreko urteetan Juliantxo Irujo artista nafarrak egindako koadro nabarmenenak batu ditue EHUren Bizkaia Aretoan, Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak izeneko erakusketan. Urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, astegunetan, eta sartzea doban da. Danetara, 27 pintura dira, abstraktuak, 2004 eta 2014 urteen artean eginak.

Andrea Albalia erakusketako komisarioaren ustez, Irujok bizitzearen esplorazino eta bidaiatzat eukan artea, materialak arreta eta sentikortasun handiz aukeratzen zituan, ikuspegi esperimental zein introspektibotik. Naturea aztertzea be gustetan jakon, koadro batzuetan igarten dan legez.

Ikusteko dira, jakina, erakusketako 27 koadroak, baina beste sensazino batzuk be eragiten ditue: ikuslea koadro barruan sartzeko konbita da Irujoren estiloa, ia-ia ikumenagaz be sentidu leitekez pintzelen trazuak eta marrazki abstraktuen bihurguneak. Esate baterako, Naturarekin ibiltzea izenekoan, basoen arteko ibilbideak gomutau eragiten deutsaz publikoari, koadroetan sartzeko eta sensazino barriak bilatzeko modua eskainiz, Albaliaren esanetan.

Formatu handiko koadrootan, formak dinamikoak dira, bizirik sentiduarazoten gaituen ikumenaren eta amesen omenaldia. Ikusle bakotxak gauza desbardinak ikusiko ditu marra abstraktuen eta material organikoen artean, komisarioak azaldu dauenez.

Erakusketea ez da, berez, atzera begirakoa, ezta azken urteotako sorkuntzearen errepaso zehatza be. Aukeratutako 27 koadroen arteko batasun estetikoa bilatu dau Andrea Albaliak, eta, horrenbestez, orain dala urte gitxi Irujok egindako erretratu esanguratsu batzuk kanpoan itxi behar izan ditu. Artisteari egindako omenaldia be bada erakusketea.

Juliantxo Irujo 1960an jaio zan, Iruñean. Umetan hasi zan sortzen, eta oso gazterik irabazi zituan lehiaketa batzuk. Bakarka zein taldeka, makina bat erakusketatan erakutsi zituan bere obrak, 2015ean hil zan arte. EHUko Arte Eder Fakultadeko katedraduna be bazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu