Sorkuntza eszenikoari laguntzeko 'XII. Artistak Egoitzan' programea deitu dabe
2020-01-09 10:12 KultureaEuskal konpainia eta artistek 2020ko martiaren 8ra arte aurkeztu ahal izango ditue proposamenak.
Artistak Egoitzan Bilboko Udalaren programea da eta helburua uriko arte eszenikoen alorrean ikerketea eta barrikuntzea bultzatzea da, euren sorkuntza proiektua aurrera eroateko beharrezkoak diran baliabide ekonomikoak, instalazinoak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.
Deialdira aurkeztu nahi daben euskal konpainiek edo artistek martiaren 8ra arte aurkeztu ahal izango ditue sorkuntza proposamenak. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.badbilbao.eus webgunean dagoan deialdiaren inprimaki ofiziala betetea; ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurreratuz aurkeztutako proposamenik.
BilbaoEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu eta horreen helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskerazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat edozein hizkuntzatan.
Programearen helburu nagusia eszena barriakaz zerikusia daben, interes zehatz bat sortu eta izakera anitza daben arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta jantzak izanik, diziplina tradizionalagoakaz, kaleko antzerkiagaz edo zirkuagaz, adibidez, lotutako proiektuak baztertu barik.
Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusia izanik. Era berean, hirugarren helburua da, sorkuntzako talentua topau eta erakarri, produkzino prozesuan sartzea erraztuz.
Euskal artistak
18 urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldean aurkeztu leikiez proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntzea edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenagaz parte hartu nahi badabe.
Egoitza bakotxak gehienez 25 eguneko iraupena izango dau eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta Bilboko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez be garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da. Horrezaz gan, aukeratutakoek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!