Baserritarren Laguna Saria emon deutsie Nikolas Segurolari
2020-01-09 09:19 Pil-pileanBizileku dauen Arantzazuko Santutegitik, lehen sektorearen aldeko aldarria eta lana egin ditu beti.
Frailea eta artzaina. Artzaina eta frailea. Ez da erraza Nikolas Segurola zer dan esatea, Arantzazuko bizimoduak zein lehen sektorearen aldeko lana aspalditik buztartu ditualako, pasinoz. Oraingo honetan, baserriaren aldeko lanagaitik saritu dabe, ENBA sindikatuak Baserritarren Laguna izendapena emon deutso eta.
Lehen sektorean jarduten dauen ENBA sindikatuak zera nabarmendu dau Segurolaren inguruan: Txikitatik izan eban gustoko artzaintzea, eta bere erlijino ikuspuntutik, euskal gizarteko jente apalaren aldeko lana bideratu eban artzain munduan. Lan zabal eta oparoa egin dauelako emon deutsie saria.
Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolearen bultzatzaile nagusietako bat da Segurola, ENBAk gogoratu dauenez. Baserria ogibidetzat hartu nahi dabenei formakuntzea emoteaz eta jarduera horri duintasuna autortzeaz arduratzen dira Gomiztegin. Segurola proiektuaren ezinbesteko laguntzaile dan arren, zeregin hori beti umiltasunez bizi izan dau, alkarlanaren alde eginaz.
Gizon aparta, handia bere osotasunean baina aldi berean umil. Helburuak argi zituanez, oso erraz jakin eban lantaldeak osotzen, bai Arantzazuko anaidian bai Gomiztegin eta sektoreko entidade guztietan be, nabarmendu dau ENBAk. Ardi latxea eta gaztaia dira Segurolaren pasinoak.
Matxinbentan (Gipuzkoa) jaio zan Nikolas Segurola, 1939an, eta txiki-txikitatik ezagutu eban artzaintzea. Arantzazun fraile sartu zanean be, lehen sektoreari lotutako proiektuak ez zituan alboratu. Horrezaz gan, euskal kulturearen eta herri ohituren zale da, eta bertsolari izandakoa. Haren biografia argitaratu eben 2017an.
Arantzazuko fraileek nekazaritzeari eta artzaintzeari emon deutsien babesa be autortuko dau ENBAk Nikolas Segurola sarituta. Urte birik behin emoten dau sindikatuak Baserritarren Laguna saria, eta laugarren edizinoa da aurtengoa. Urtarrilaren 26an Urnietan egingo dan ekitaldian emongo deutsie oroigarria Segurolari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!