Literatura eta argitalpen alorretako 49 proiektu babestu zituan Jaurlaritzeak igaz

Bizkaie! 2020-01-08 13:16   Kulturea

Horretarako, 811.000 euro erabili zituan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literaturearen eta liburugintzearen sektoreko 49 proiektu diruz lagundu zituan 2019an, erakunde horrek berak ohar baten jakitera emon dauenez. Guztira, 811.800 euro emon zituan laguntzinoetarako sei modalidaderen bidez. Modalitate bi argitaletxeentzat dira, eta 477 liburu argitaratuko ditue horri esker, horreetatik 317, euskeraz.

Kultur Sormena deialdiaren barruan, literatureagaz lotutako beste modalidade bi dagoz: Gazteek euskerazko literatura testuak sortzekoa eta euskerazko ipuinak eta eleberri laburrak sortzekoa. Lehenengoaren bidez, bakotxa 8.000 euroko bost dirulaguntza emon ziran 2019an, eta, besteak beste, Yolanda Arrietaren eta Oihana Iguaranen azken lanak diruz lagundu ziran. Euskerazko ipuin eta eleberri laburrak sortzeko modalidadean, beste bost lan lagundu zituan Jaurlaritzeak, John Andueza eta Nerea Loiolaren obrak tartean.

Horrezaz gan, euskerazko zein gaztelaniazko produkzino editoriala sustatzeko laguntzak be emon zituen. Euskerazkoentzat, guztira, 511.800 euro izan ziran igaz, kopuru handienak Elkar, Pamiela eta Erein argitaletxeei. Gaztelaniazko ediziorako, 115.000 euro bideratu ziran.

Irudi sorkuntzea bultzatzeko deialdian, ostera, modalitate bi egon ziran: Komikiak eta eleberri grafikoak; eta album ilustratuak. 15.000 euroko laguntzinoak jaso zituen Higinia Garay, Alejandro Macho, Iñaki Martiarena eta Iñaki Martinezen proiektuek. Album ilustratuen atalean, hiru proiektu bultzatu ziran: Itziar Aranburu, Ane Arzelus eta Eider Eibarrenak.

Hiru deialdi eta sei modalidade horreez gan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literatureagaz eta liburugintzeagaz lotutako beste hainbat proiektu laguntzen ditu urtero. Euskadi Literatura Sariak antolatu, editore eta idazle alkarte nagusientzako dirulaguntza izendunak emon eta Durangoko Azoka zein beste jaialdi batzuk babesten ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu