162.675 turista Gernikako Batzar Etxean 2019. urtean
2020-01-08 12:37 KultureaAurreko urtean baino % 7,2 gehiago dira.
Gernikako Batzar Etxeak, euskal herriaren bakearen eta askatasunaren ikurrak, gero eta bisitari gehiago erakarten ditu urtero. 2019an, bost kontinentetatik etorritako 162.675 bisitari hurreratu ziran Gernikaraino, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza hori ezagutzeko, hau da, 2018an baino % 7,2 gehiago, 11.037 bisitari gehiago, hain zuzen be. 2016ko datuakaz konparauta, igaz bisitari kopuruak % 15,7 egin eban gora eta kopuru horrek Bizkaiko turismoaren erreferentzia moduan finkatzen dabe Batzarretxea.
Jatorriari jagokonez, Estadua izan da, igaz be, kopuru osoan bisitari gehien jarri dituana, 82.091. Estaduko zerrendako buru Katalunia (19.123), Madril (15.286) eta Andaluzia (11.812) dagoz. Euskal Herritik 29.974 persona hurreratu ziran Batzarretxera, 10etik 6 Bizkaitik (19.045 bisitari).
Europa izan da, beste urte batez, Bizkaiko Batzarren egoitzara sartu diran bisitari gehienen jatorrizko kontinentea. Europako herrialdeetatik 33.828 bisitari heldu ziran 2019an. 2018an gainditu zan lehenengoz 30.000 biztanleren kopurua Gernikako Batzar Etxean, eta jokera horrek gorantz jarraitu eban igaz be. Herrialdeei jagokenez, Frantzia, Alemania eta Italia dira Europako bisitari gehien ekarri zituen herrialdeak: 11.992, 7.148 eta 2.958, hurranez hurran.
Halan da be, azpimarragarria da urruneko kontinenteetatik, Ameriketatik, Afrikatik, Asiatik eta Ozeaniatik etorritako turista kopuruak erakutsi dauen igoerea. Gernikako egoitzea historikoa eta bertako ikur ezagunena, Gernikako Arbolea, bisitau eben.
Ameriketatik, 2019an 12.215 bisitari heldu ziran, eta 2018an 9.331. Asiatik, 3.966 turista 2019an, 2018an baino % 35,3 gehiago. 2018an Ozeaniatik 280 persona etorri baziran, 2019an kopurua 471ra igon zan. Afrikako herrialdeetatik igaz 130 bisitari heldu ziran, eta 2018an 84. Holan, bisitari gehien ekarri eben beste latitude batzuetako herrialdeak AEB (7.222), Japonia (2.234), Australia (411) edo Hego Afrika (54) izan ziran.
Gernikako Batzar Etxeak dobako bisitak eskaintzen ditu urte osoan, astelehenetik domekara. Neguko ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara da, eta udakoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Historiaz beteta dagoan eta Gernikako Arbolea jasoten dauen Batzarretxea urte osoan bisitau daioteke –Osokoak egiten diran egunak kenduta– eta, ganera, ibilbide gidatuak be eskaintzen ditu. Informazinorako telefono zenbakia 94 625 11 38 da, eta bisitak hemen erreserbau daitekez.
Sopuertan dagoan Abellanedako Batzarretxea da kultura eta turismo jomuga moduan finkatutako Bizkaiko Batzar Nagusien beste egoitzetako bat. Enkarterriko eskualdeko kontzejuetako eta haranetako ordezkariak batzeko lekua izandakoak, urte osoan zehar erakusketak, eta edade guztietarako kultur jarduerak eta tailer didaktikoak jasoten ditu gaur egun.
2019an, 15.003 personak hartu eben parte Enkarterriko Museoaren kultur eskaintzan, hau da, partaide kopuruak % 15 baino gehiago egin eban gora 2018. urteagaz konparauta. Hazkunde horren errazoiak, Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira erakusketeak izan eban bisitari kopuru handia, aurrera eroandako kultur jarduera eskaintza handiagoa, eta udan lekuaren historia ezagutzera museora hurreratutako persona kopuruaren hazkundea dira.
Azpimarragarria da Enkarterriko arkitektura garaikidearen eta arkeologiaren ganean egindako kultur ibilbideek izandako erantzun bikaina. Jarduera pedagogikoak egiteko eskainitako plaz danak bete egin ziran. 9.100 ikaslek hartu dabe parte egin diran tailerretan eta bisitetan.
Bakarka joandako bisitarien jatorriari jagokonez, % 70 Bizkaikoak dira, % 14 Euskadikoak, % 12 Estadukoak eta % 4 Europako eta munduko ganerako lekuetakoak. Bizkaiko bisitari kopurua aurreko urtean baino % 18 handiagoa izan da 2019an.
Enkarterriko Museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egoten da zabalik martitzenetik zapatura, eta 10:00etatik 14:00etara domeketan eta jaiegunetan. Udan, arratsaldeko ordutegia aldatu egiten da, eta 17:00etatik 19:00etara zabaltzen da. www.enkarterrimuseoa.eus webgunetik, urte osoan zehar antolatzen dituan kultur jardueren eta ondarea ezagutuazotera zuzendutakoen ganeko informazinoa eta horreetan parte hartzeko formularioak eskaintzen ditu.
Batzarretik Batzarrera
2019an, Bizkaiko Batzar Nagusiek lehen aldiz antolatu dabe Batzarretik Batzarrera ekimena, lurraldeko Batzarretxeak bisitetako programea: 16 eta 80 urte arteko ia 250 personak hartu dabe parte Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzen joana eta orainaldia ezagutuarazoteko aukerea emon dauen programan: Bilboko administrazino egoitzea eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzarretxeak. Dobako zazpi bisitak urriaren 20tik abenduaren 15era izan ziran.
Bizkaiko Batzar Nagusiak Batzarretik Batzarrera programearen bigarren edizinoa antolatzen dabiz beharrean, herritarren aldetik jasotako erantzun bikaina ikusi ostean, izan be, daborduko 80 persona dagoz itxaron zerrendan, gure lurraldeko Batzarretxeen egoitzak eta funtzionamentu historikoa eta gaur egungoa hobeto ezagutzeko gogoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!