Mar Saezen argazki bat izango da 2020ko Zinegoaken irudia

Bizkaie! 2020-01-07 12:42   Zinemea

Emakume biren arteko maitasun istorioa agiri da.

Kartelaren barruko argazkiaren jaubetzea: © Mar Saez, VEGAP, Madril, 2020 | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak jaialdiaren 17. edizinoak badauka kartela, eta, ohikoa dan legez, sexua eta bizitzea askatasunez disfrutetako aldarria da aurtengoa be. Mar Saez argazkilariaren Vera y Victoria proiektuko argazki bat da kartelaren ardatza. Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko, bizitzeko, hori agertzen dau kartelak, Zinegoakeko arduradunen esanetan.

Emakume trans baten eta emakume cis baten arteko maitasuna erakusten dau argazkiak. Sexu aniztasunak emoten dituan aukera ugariak azpimarratu nahi ditu egileak, ezarritako arauetatik harago. Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren arabera, sexu-aniztasunaz berba egiten dogunean personen sexu-orientazinoa baino gehiago da: Genero-identidadeaz edo genero-adierazpenaz be berba egin nahi dogu. Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen deusku gai horreei guztiei kalidade estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko.

Horrenbeste etiketa (cis, trans...) beharrezkoak ete diran galdetzen dabe batzuek, eta, Guillenen ustez, helburua etiketa guztiak ezabatzea da. Baina oraindino beharrezkoa da gizarteari erakustea ze aniztasun dagoan arlo horretan. Beraz, desbardintasun horreek ikusi eta onartzeko, persona guztientzako etiketak sortu behar dira.

Izan be, 2020ko Zinegoak jaialdiak gizartearen zati handi batentzat ezezaguna dan cis kontzeptua lau haizetara zabaldu nahi dau. Trans terminoa erabilten bada jaiotzetiko generoagaz bat ez datozan genero-identitateak definiduteko, cis (zisgenero edo zissexual terminoen laburdurea) terminoa erabili da esleitutako generoa eta identidade sexuala berbera dabenentzat. Era horretara, transexualak ez dirala ganerakoakandik aparteko personak aldarrikatu nahi da, danok daukagulako etiketaren bat.

Zezeilaren 24tik martiaren 8ra egingo dabe 17. Zinegoak, LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen nazinoarteko jaialdia. Ohiko moduan, sexu identidadea, genero aniztasuna eta abar modu integratzaile zein aldarrikatzailean aurkezten daben hainbat film eta proposamen eszeniko ikusi ahal izango dira Bilbon; ondoren, Zinegoak Hedapena zikloari esker, Euskal Herriko beste herri batzuetara be helduko dira aurtengo lanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu