'Gomuta', 'Socialdog' eta 'Iraun' hautatu ditue Wanted 2019ko 2. deialdian
2020-01-07 11:36 KultureaWanted programan guztira 15 proiektu aurkeztu dira 2019an.
2019ko Wanted programearen bigarren deialdiak hiru proiektu hautatu ditu dagoeneko: Gomuta, Socialdog eta Iraun, hain zuzen be. Wanted ideia-lehiaketea Gazteria eta Ekonomia Sustapenerako Udal Zerbitzuek bultzatzen dabe 18 eta 30 urte bitarteko gazteen era guztietako proiektuak, barritzaileak izan edo ez, abian jarten laguntzeko, falta dituelako finantziazinoa, aholkularitza teknikoa zein orientazinoa horreek gauzatu deiezan.
Gomuta egitasmoa eskuko telefonorako aplikazino bat da, laguntzinoa emotea helburu dauena buruko gaixotasunen bat dabenen senideei; Socialdog be eskuko telefonorako aplikazinoa da: Txakurra dabenei zuzendutako aplikazino honek aukerea emongo dau txakurra paseoan eroateko orduan, denpora errealean eta mapa batean, beste erabiltzaileen kokapena eta eurei buruzko informazinoa jakiteko. Iraun edadeko personakazko barriketaldiak oinarri hartuta sortutako proiektu eszenikoa da. Bertan hainbat disziplina artistiko batzen dira, besteak beste, jantza garaikidea eta jantza bertikala.
Proiektuen persona sustatzaileak ondorengoak dira: Kerman Sanjuan, Juan Ignacio Llorente eta Gaizka Urkizo (Gomuta); Jorge eta Alvaro Robledo eta Ander Gallego (Socialdog); eta Maitane Sarralde (Iraun). Proiektuek hurrengo zenbatekoak jasoko ditue: 9.676,91€ Gomuta-k; 8.923,09€ Socialdog-ek; eta 9.200 euroko kontratazinoa Iraun proiekturako.
15 proiektu 2019an
Wanted programan guztira 15 proiektu aurkeztu dira 2019an. Amaitu barri dan urteko bigarren deialdi honetan hautatutako hirurei (planteautako zazpi deialdietatik) 2019ko lehen seihilekoan hautatutako laurak gehitu jakez (aurkeztutako zortzietatik): Gure, botila multifuntzional tolesgarria, manejagarria, ekologikoa eta iraunkorra diseinau eta merkaturatzeko proiektua; Line Guard, mediku-erabilerarako osogarri bat, bide endobenosoa edo arteria-bide kanalizatua ezustean erauzi ez daiten; Corion streetwear muetako erropa marka bat, munduan zehar streetwear estilo guztiak transmitiduteko helburua dauena; eta Haszten TV, kirolaren bidez aniztasun funtzionala ikusarazo nahi dauen on-line telebista programa bat, gizarte bidezkoagoa lortzeko.
Wantedek saritutako film labur biren estreinaldia RKEn
RKE-Romo Kultur Etxeak The laste heart eta Hondale, hurranez hurran, Adrian Nogalesen eta Ainara Mentxakaren film laburren emanaldia hartuko dau, urtarrilaren 10ean, 20:00etan. Lehenengoa Wanted Lehiaketan 2017an saritu eben eta bigarrena 2018an. Proiekzinoaren ondoren barriketaldia izango da film laburren zuzendariakaz, baita lunch txiki bat be.
The last heart filmak 3 minutu eta 10 segundo irauten dau eta bere protagonista nagusia Aileen da, ibaitik harago dagoan kanposantu bateko jagole eta ninfa. Ama Zuhaitz Handia zaintzen dau, baita orduro jo beharrean, heriotza bat jazoten dan bakotxean joten dauen kanpai handi bat be. Uniformez jantzita eta bihotz-egarria dauen Henson izeneko saia heltzen danean Aileenen eta kanposantuko guztien bizitzea aldatu egingo da.
Hondale lanaren iraupena 12 minutukoa da. Begoña da protagonista nagusia. Iraganeko mamuak itzuli egin dira Begoñaren burura. Garagarrilaren 15a da, eta 75 urte dira Begoñak aita galdu ebala. Ordutik, aita azken aldiz ikusi ebaneko portura urtero-urtero hurreratzen da loreak eroaten; beti bete dau promesa hori. Orain, barriz, dana da desbardina. Begoñak ez dau gogoratzen zein egun dan, ez daki zergaitik dituan loreak eskuartean, ezta zergaitik esaten deutson lobeak uretara botateko be. Begoñaren nahasmenaren aurrean Amaiak, lobeak, ahalegin guztiak egingo ditu amamak bere bizitzako azken buru-argitasun unea izan daian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!