Sam Mendes eta Quentin Tarantino, Urrezko Globoetan irabazle

Bizkaie! 2020-01-07 08:53   Zinemea

Martin Scorseseren The Irishman faboritoa sari barik geratu da.

Sam Mendes, Urrezko Globo bi eskuetan | Ikusi handiago | Argazki originala

Hollywoodeko Atzerriko Prentsearen Sarien, Urrezko Globoen, 2020ko edizinoak sorpresa bat edo beste ekarri ditu, aurretik egindako pronostikoen eta galan emondako sarien arteko aldeei begiratu ezkero. Martin Scorseseren The Irishman garaikur barik geratu izana da, beharbada, ezustekorik handiena.

Baina goi mailako beste film batzuek irabazi dabe atal nagusietan, hori ezin da ukatu. Drama arloko film onenaren sariduna Sam Mendesek zuzendutako 1917 izan da, I. Mundu Gerran girotutako istorioa. Egunotan helduko da zinema-aretoetara. Mendesek zuzendari onenaren Urrezko Globoa be eroan dau etxera.

Komedia edo musikal onenaren saria, ostera, 2019aren hasieran estreinautako film batek irabazi dau. Quentin Tarantinok Hollywoodeko Urrezko Aroari egindako omenaldia, Once Upon A Time in Hollywood, aukeratu dabe boto-emoleek, komedia eta musikal generoan sartzen ete dan zalantzazkoa dan arren. Film horrek gidoi onenaren eta bigarren mailako aktorerik onenaren (Brad Pitt) sariak be eskuratu ditu.

Martin Scorseseren The Irishman faborito nagusia izan da, bost izendapen euki ditu eta. Azkenean, bat bera be ez dau irabazi. Noah Baumbachek zuzendutako Marriage Story-k sei izendapen euki dituan arren, bakarra eskuratu dau, Laura Dern aktoreari esker.

Aktore nagusien kategoriako palmaresean, izen bi nabarmendu dira: Joaquin Phoenix eta Renee Zellweger. Lehenengoak, kritikeak zein publikoak txalotutako lana egin eban Joker filmean, eta Urrezko Globoetan saritu dabe ahalegina. Zellweger be, papel gogoangarri baten ikusi dogu, Judy Garland beteranoaren azalean, Judy pelikulan.

Atzerriko filmen atalean, sorpresa handirik ez: Hego Koreara joan da saria. Bong Joon-horen Gisaenchung komedia baltza izan da faborito argia, zuzendari eta gidoirik onenaren kategorietan be izendapenak izan ditualako, eta ez da ezustekorik egon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu