Errekaldeko frontoi zaharra erabilera askotako ludoteka bihurtu dabe

Bizkaie! 2020-01-02 10:52   Kulturea

Bilboko Udalak auzoen bizitasuna bultzatu nahi dau holako jarduerakaz.

Bilboko Udalak Errekaldeko frontoi zaharra erabilera askotako eta estali bako ludoteka bihurtu dau. Espazio barria da auzoan eta ordutegia da: lzapatu, domeka eta jaiegunetan, 11:00etatik 20:00etara, eta lanegunetan, 17:00etatik 20:00etara. Olgeta-txokotan antolatuko da; 300 metro koadroko espazio honek irakurketa-gelea, olgeta/tailer gelea, erabilera askotako entzunaretoa, ume-olgeta eta olgeta elektroniko interaktiboak daukaz. Gune interaktiboak hainbat aplikazinogaz olgetako aukerea emoten dau: aritmetikea, alfabetatzea, sormena, letren eraketea, musikea eta artea.

Ekimen honegaz, Bilboko Udalak auzoen bizitasuna bultzatu nahi dau, Auzoko Bihotzen programan txertatzen diran proiektuen bidez.

Espazio hau zenbait jarduera-txokotan banatu da: irakurketea, olgetak, tailerrak, txotxongiloak, umeen espazio bat, erabilera askotako entzunareto bat eta izakera interaktiboko espazio bat. Hori guztia hainbat publiko buztartzeko asmoz, bai familia osoak, bai edade guztietako umeak.

Bilboko Udalak, Obretako eta Uri Plangintzako Sailaren bidez, 193.000 euro baino gehixeago inbertidu dau ekipamendu honetan, auzoko bizi-kalidadea hobetu eta indartzeko.


Irakurketea Gelea

Mahaiak eta sofak dagoz, lanparakaz, egonleku atseginago bat sortzeko. Lurrean parket-biniloa ipini dabe, giro atseginagoa sortzeko, eta mugak apalategiakaz ezarri dira. Apalategietan edade guztietarako materialak sartu dira, eta bookcrossing egiteko erabili ahalko dira. Apalategia osotzen daben kuboetako batzuek argia dabe eta beste batzuek landareak. Apalategiak funtzino bikotxa dau beraz: batetik, irakurketarako espazioa mugatu eta atseginagoa egiten dau. Bestetik, tailerretako materiala gordeteko balio dau.

Olgetako eta tailerretarako lekua

Gune hau modulu indibidualez eratuta dago, era irregularrean antolatuak. Hiru mahai dagoze, 49 zm-ko altuereagaz, gauzak gordeteko balio dabenak. Mahai horreek ume txikiek nahiz helduek erabili leikiez, material komuna erraz hartu baitaiteke (pinturak, eraikuntza-piezak eta bestelakoak). Espazio honetako zorua bedar artifizialekoa da, kolpeak leuntzeko eta erabiltzaileen zentzumenak estimuletako. Ludotekearen sarreratik hur, mahai-joko konbentzionalak jarri dira, partxisa, antzar-olgetea eta xakea. Eskaintza horrezaz gan gehiago jar daitekez: dianea, ontziak hondoratu edo igel-olgetea, danak be edade askotako personentzat.


Erabilera askotako entzunaretoa

Erabilera askotako antzoki edo entzunareto bat atondu dabe eta espazio horrek 16 jesarleku ditu publikoarentzat, tailerretan be erabili daitekezanak. Modu berean, agertoki bat dauka berbaldietarako, antzezlanetarako, txotxongilo-emonaldietarako edo antzekoetarako.


Umeek olgetako gunea

Olgetako gunearen atzealdean, udalak espazio bat atondu dau, banku luze batek mugatua. Espazioa ugerleku etxurakoa da eta 4x4,5 metro daukaz. Inguru honetan eraikuntzako bloke erraldoiak jarri dira, umeek nahiz helduek erabilteko. Gainerakoa modulu poligonalek eratzen dabe, F1 auto baten etxureagaz.


Espazio interaktiboa

Argi gitxiago dagoan lekuan dago. Mahai interaktibo bi dagoz. Softwareak hainbat aplikazinogaz olgetako aukerea emoten dau: aritmetika, alfabetatzea, sormena, letren eraketea, musikea eta artea. Tresna honi esker, umeek gizarteratzen, txandakatzen, alkarregaz lan egiten, konpartiduten eta komuniketan ikasiko dabe. Gainera, sabaian ikus-entzunezko proiektore bi egongo dira zenbait olgeta interaktibo proiektetako. Olgeta bakotxa 3x2 metroko eremu batean proiektauko da, binilozko zoruan, modu interaktiboan olgau ahal izateko. Ludotekako gauza guztiek umeen eremuen segurtasun-arau guztiak beteten ditue, bai instalazinoan, bai diseinuan, bai fabrikazinoan be.


Auzoko Bihotzak

Auzoko aisialdiko eta olgetarako espazio barri honen eraikuntzea Auzoko Bihotzen barruan sartzen da. Auzoko Bihotzen proiektua estrategikoa da eta uriaren erdiguneak dauen jarduna auzoetara zabaltzea da helburua, auzo bakotxaren esentzia errespetau eta indartuz. Udalaren helburua da auzoek presentzia izan deiela urian, baina auzoetatik abiatuta, euren ezaugarri bereziakaz, holan bilbotar guztiei euren ekarpena egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu