Lointek Gernika Bizkaia, errekorraren bila

Bizkaie! 2019-12-31 12:06   Kirola

Bilbao Arenan 6.000 ikusle baino gehiago batuta, Espainiako Ligako errekorra ezarri nahi dabe.

Gernikako jokalariak garaipen bat ospatzen (argazkia: Lointek Gernika Bizkaia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egun berezia izango da zapatua, urtarrilaren 4a, Bizkaiko saskibaloiarentzat. Miribillako Bilbao Arenan nesken eta mutilen goi mailako partidu ofizial bana jokatuko da, orain arte gurean parekorik izan ez dauen ekimen baten. Lehenengo, 16:45ean, Lointek Gernika Bizkaia eta Mann Filter Zaragoza taldeen arteko norgehiagokea jokatuko da; ostean, Bilbao Basket-Estudiantes. Partidu biak be, gorengo mailakoak.

Gernikarrentzat erronka handia izango da, euren ohiko kantxatik kanpo jokatuko dabelako. Baina errekor historikoa ezarteko aukera parebakoa be bada, Emakumeen Endesa Ligan sekulako ikusle gehien batzen ahaleginduko diralako. Horretarako, 6.000 lagun baino gehiago behar ditue harmailetan.

Bizkaiko Foru Aldundiak babestu egingo ditu partidua eta errekor ahalegina. Topaketa honek bardintasunaren aldeko aldarrikapena eta kirolak sortzen dauen jai-giroa buztartzeko balio behar dau, emakumeek eta gizonek kirol-eremuan baldintza parekideak izan deiezen errazteko, neskentzako kirol-erreferenteak sortzeko eta emakumeen estereotipo mugatzaileak apurtzeko, adierazo dau foru erakundeak ohar baten.

2019a mugarria izan da Bizkaian emakumeen kirolarentzat, Athleticek 48.000 ikusle batu zitualako San Mameseko harmailetan, kopako partidu baten. Hori be errekorra izan zan Europan, momentu haretan (gerora gainditu egin eben beste talde batzuek). 2020a be modu berean hastea da asmoa, kasu honetan saskibaloian. Ganera, domekan, Athleticek barriro jokatuko dau San Mamesen, emakumeen kirola aldarrikatzeko beste aukera bikain baten.

Zaleentzat, beraz, asteburu interesgarria dator. Gogoan izan behar da, Lointek Gernika Bizkaia lehenengo postuetan dagoala ligan, eta Mann Filter Zaragoza aurkari indartsua dala. Bilbao Basket be, 2019an gorengo mailara igon eta gero, denporaldi ederra egiten dabil. Azkenik, Athleticen neskek, bolada bikainean sartuta, Bartzelona lider poteretsua izango dabe aurrez aurre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu