'Eloy y el Mañana' Iñigo Guardaminoren Leopoldo Alas Minguez 2018 saria argitaratu dabe

Bizkaie! 2019-12-27 08:30   Kulturea

Eloy y el Mañana etorkizun distopikoan kokatutako obrea da.

SGAE Fundazinoak Iñigo Guardamino egile bilbotarraren Eloy y el Mañana liburua kaleratu dau, 2018an LGTBI gaia daben antzerki-testuetarako Leopoldo Alas Mínguez Saria jaso dauen lana. Sari horren hamabigarren edizinoa da aurtengoa.

Eloy y el Mañana etorkizun distopikoan kokatutako obrea da, generoen arteko burrukeak gatazka armatu larria eragin dauena. Testuinguru horretan, ume batek iges egingo dau biharamunera. Erreferentzia kulturalez kargautako testu bat da eta feminismoaren historiaren genero sinbolismoa agirian dauela dino idazleak.


Iñigo Guardamino (Bilbo, 1973)

Antzerkigintzan, SGAE Fundazinoaren sari berau jaso eban 2012an El año que mi corazón se rompió lanagaz. 2015ean, SGAE Fundazinoak Un resplandor en el cielo del norte proiektua hautatu eban III. Antzerki-idazlan Laborategirako. Horrezaz gan, besteak beste, Huevo, Vacaciones en la inopia (Max Sarien finalistea, Errebelazio Autoria Onena bezela, Produkzino Pribadu eta Ikuskizun Onena bezela izentauta egoteaz gan) eta Castigo Ejemplar Yeah obrak idatzi eta zuzendu ditu. Kixotearen II. zatiaren laugarren mendeurreneko ospakizunen barruan, Teatro Españolaren A siete pasos del Quijote proiektuan parte hartu eban, Cierra los ojos, dame la mano testuagaz. Solo con tu amor no es suficiente lanak 2015eko Godoff saria irabazi eban. 2017ko martian Este es un país libre y si no te gusta vete a Corea del Norte obra barria estreinau eban, Madrilgo Nave 73 aretoan.


SGAE Antzerki Sariak

SGAE Fundazinoak, antzerki-panoramea aberasten lagunduko daben testu dramatiko barrien sorkuntzea bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, antzerki-sarien deialdia egiten dau urtero: Jardiel Poncela Antzerkiaren SGAE Saria, Ume Antzerkiaren SGAE Saria eta Leopoldo Alas Minguez Nazinoarteko Saria (LAM Saria) LGTBI gaiak jorratzen dituen antzerki-testuetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu