Melitón Estudioak, martxan
2019-12-27 10:02 ZinemeaTelebista eta zinemarako lehenengo estudio profesionalak dira Nafarroan.
Hileon aurkeztu ditue Lekaroz herriko Melitón Estudioak, Nafarroako ikus-entzunezko sektorea indartzeko proiektu estrategikoa. Izan be, telebista, zinema eta publizidadeko errodajeak egiteko lehenengo plato profesionalak dira Nafarroan, eta, hortaz, herrialde horretako sortzaileek kostuak txikitu ahal izango ditue, ez dabelako grabazinoetarako urrun joan edo kanpoko beharginik ekarri beharko.
Melitón Estudioetako arduradunek azaldu dabenez, Nafarroako ikus-entzunezko sektorea loraldian dagoala datoz instalazino barriok: Erakunde publikoek errodajeetarako laguntzinoak emoten ditue, lokalizazino bikainak dagoz eta, ganera, industria proiektu barriak sortzen dabiz, NIFF, Punto de Vista eta Opera Prima jaialdiak berbarako.
Ikus-entzunekoetarako espazio aproposa ez eze, sektore horretako eragilea be izango da Melitón. Erakundeakaz alkarlanean, proiekzinoak, tailerrak eta topaketak antolatuko ditue. Profesionalik onenak izateko asmoz, Nafarroako Unibersidadeagaz eta Nafarroako Gobernuaren Enplegu Sailagaz formakuntzea bultzatzeko akordioak daukiez estudioek.
Lekarozko Campus Enpresarialean dagoz estudioak, punta-puntako teknologiaz horniduta. Plato bi dagoz: Handia, 709 metro koadrokoa; eta, txikia, 100 metrokoa. Kamerinoak, batzar-gelak, bulegoak, makillajerako gelak eta abar be ez dira falta. Passive House standar europarraren arabera eregita dagozanez, estudioek ingurumena errespetetan dabe, eta energia konsumoa gitxitu.
Baztanen, Euskal Herriaren bihotzean, dagoz Melitón Estudioak, ingurune natural parebakoan kokatuta, Nafarroako askotariko parajeetatik hur, bultzatzaileen arabera leku estrategikoan. Iruñea 53 kilometrora dago, Miarritze beste horrenbestera eta Donostia, 62ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!