Euskal Fotokazetaritza Sariak Juantxu Rodríguezen izena hartuko dau

Bizkaie! 2019-12-24 11:55   Pil-pilean

Orain dala 30 urte hil eben argazkilari bizkaitarra, Panaman.

Juantxu Rodríguez | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak antolatzen dituen Euskal Kazetaritza Sarien barruan, Fotokazetaritza Saria emoten da urtero. Alkarte horreetako kideek erabagita, aurrerantzean, Juantxu Rodríguez Fotokazetaritza Saria izango da izena, haren familiak oneretxia emon dauelako.

1989ko abenduaren 22an hil eben Rodríguez, hau da, 30 urte bete barri dira. Panaman egoan, El País egunkariarentzat herrialde haretako inbasinoaren inguruko argazkiak ateratzen. Amerikako Estadu Batuetako armadeak hil eban, tiroz. 32 urte baino ez zituan Rodríguezek.

Fotokazetaritzan Rodríguezek egindako ibilbidea aintzat hartu eta haren hilketa bidebakoaren memoria gordeteko, Euskal Kazetaritzearen Sariek gogoan hartu ditue orain dala 30 urteko jazoerak. Zemendiaren 5ean egindako sari-banaketan, hil ondoko saria emon eutsien Rodríguezi berari, in memoriam. Orain erabagi dabe Fotokazetaritza Saria bera Juantxu Rodríguez deitzea.

Kazetaritzako argazkigintza profesionalean dabizanen konpromisoa eta profesionaltasuna autortzeko bidea be bada Juantxo Rodríguez omentzea, horreek balioak ondo baino hobeto erakusten zitualako beti. Bizia arriskuan jarrita, jazoeren barri lekutik bertatik emon, eta gatazken alde gizatiarra zabaltzen eban Rodríguezek, beste fotokazetari askok egiten daben legez, Kazetarien Alkargoak eta Euskal Kazetarien Alkarteak nabarmendu dabenez.

Juantxu Rodríguez Extremadurako Casillas de Coria herrian jaio zan, 1957an, baina umetan etorri zan Euskal Herrira, eta hemen hazi zan, Portugaleten hain zuzen. Bilboko El Hierro egunkarian izan zan argazkilari, eta, ondoren, inguruko beste komunikabide askotan argitarartu eutsiezen argazkiak, baita nazinoarteko batzuetan be: Libération, Newsweek, NY Times, Cover agentzia... Nazinoarteko gatazken barri emoten be ibili zan, harik eta Panaman hil eben arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu