Jostailu ez-sexistak aukeratzeko deia

Bizkaie! 2019-12-24 10:16   Pil-pilean

Gabonak dirala eta, kanpainea hasi dau Bizkaiko Foru Aldundiak.

Badator Olentzero (lagun ezkutua, Errege Magoak eta halakoak ahaztu barik), eta familia gehien-gehienetan opariak egiteko momentua da. Guraso askoren ardurea izaten da zelako opariak erregalau umeei, zeintzuk diran aproposenak erabagitea. Horregaz lotuta, Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina berezia antolatu dau, igaz egin eban legez, jostailu ez-sexisten eta bardintasunaren aldeko mezua zabaltzeko.

Gabonetako opariek umeen hezkuntzea eta jasoten dituen ereduak baldintzatzen ditue. Horregaitik, Foru Aldundiak uste dau beharrezkoa dala kontzientzia zabaltzea, eta umeei euren sexuaren araberako mugarik ez jartea. Irudimena bultzatzen daben oparien alde egiten dau kanpaineak, estereotipo sexistak finkatzen dituenen ordez.

Kanpaina honen abiapuntua honakoa da: olgetearen bitartez, ideak, sinismenak, gizarte-balioak, itxaropenak, beharrizanak eta jarduteko ereduak eregiten dira; horrenbestez, olgeteari eta jostailuari buruzko kontzientzia argia behar dogu, bizitzako lehen urteetan hezkidetzarako eta bardintasunerako tresna izan daitezan.

Izotz ganean patinetan dabilen ume bat eta astronautea dan beste bat dira kanpainearen protagonistak. Estereotipoak ezarten dauenaren kontrara, mutila da patinetan dauena, eta astronautea, neskea. Enplegua, Gizarteratzea eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputadu Teresa Laespadaren esanetan, ez deutsegu mugarik jarri behar umeen olgetetan protagonista diran amesei, etorkizunari mugarik ez jarteko.

Kanpainea hainbat bidetatik zabaltzen dabiz. Komunikabide batzuetan eta sare sozialetan agertzen dabil egunotan, eta garraio publikoaren geltokietan be kartelak jarri ditue. Era berean, jostailu-dendetara, bardintasunaren aldeko alkarteetara eta abarretara be heldu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu