Urtea amaitzeko, jota ikastaroa Urduñan
2019-12-24 08:02 KultureaAiko Taldeak antolatu ditu abenduaren 28 eta 29ko saioak.
Urteko azken astegoiena bete-betean aprobetxetako proposamena dakar Aiko Taldeak. Jotea jantzatzen ikasteko kursoa egongo da hilaren 28 eta 29an, Urduñako Bainuetxean, jantzazaleek zein interesa dabenek estilo horretako pausuak eta trikimailuak ezagutu deiezan, Aikoren metodologian ohikoa dan estilo demokratiko eta ergonomikoan, akademizismoetatik kanpo.
Irailean egin eban Aikok lehenengoz jota ikastaroa Urduñan. Baina uste baino jente gehiagok emon eban izena, 50 parte-hartzaile egon ziran, eta, hortaz, barriro egitea erabagi dabe. Jotearen sistemea ikastaroaren bigarren zatia izango da ardatza oraingo honetan, baina antolatzaileek argitu dabenez, osogarriak izango dira iraileko saioa eta hau. Horrenbestez, irailean egon ziranentzat zein lehenengoz izena emoten dabenentzat egokia izango da.
Urduñako Bainuetxean, herriko eraikin enblematikoenetako baten, egingo dabe ikastaroa, hirugarren solairuko jantzalekuan. Aikokoen arabera, era honetako ekimen baterako instalazino apropos-aproposak dira. Ganera, Foruen Plazan, Urduña erdian, dago Bainuetxea.
Aiko Taldearen jarduera guztietan ohikoa danez, jantzea adierazpen, gozamen, inprobisazino eta askatasunerako tresna lez erabiliko dabe. Oraingo honetan, jotea jorratuko dabe, Aiko Taldeak arreta eta maitasun handiz landu izan dauen estiloa. Joteari omenaldia egiten deutsan Jotamentala dokumentala plazaratu eben 2016an, pasino horren erakusgarri. Erabateko jantzea dala dinoe Aikokoek, bakarka eta bikoteka aldi berean egiten dana. Gaitearen, albokearen edo akordeoiaren laguntzaz, jotearen historiari errepasoa egiten ahaleginduko dira Urduñan, gozamena eta ondo pasetea begi bistatik galdu barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!