Gernikako Arbola Maratoi Solidarioa, abenduaren 30ean

Bizkaie! 2019-12-20 08:03   Kirola

Maratoi hau Bizkaiko Kepa Junkera trikitilariari dedikauta egongo da.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ana Otadui Lehendakariak Gernikako Arbola Maratoi Solidarioa aurkeztu dau gaur. Probea zin-bide historikotik pasauko da abenduaren 30ean, ongintzazko helburuakaz. Gernikako Arbola Zaharraren maratoia Batzar Etxeko barrutian hasi eta Europa Parkerako sarrerearen albotik igaroko da. Ibilbidea Erregeek, Foruak berresteko, erabilten eben zin-egite igarobidean sartzen da; handik pasau zan azkena Fernando VII.a izan zan, korrika, Mañariatik, bere helmugara berandu joialako.

Batzar Nagusien Lehendakari lez eta, oro har, bizkaitar guztiontzat, ohore handia da, aurten, zuen erronka solidarioan Gernikako Arbola sartu izana, euskal askatasunen sinboloa eta gure historiaren ikonoa baita, nabarmendu dau Otaduik.

Aurkezpenean, Javi Conde eta Jon Salvador atletak eta Begoña Beristain korrikalari eta kazetaria be izan dira; azken horrek, lehenengoz, maratoi honetan parte hartuko dau, lasterketa solidario honen alde egiteko eta emakumearen kirol esparruko zereginak nabarmentzeko.

Javi Conde Maratoi Solidarioen Alkarteak, oraingo honetan be, erronka solidarioenetako bati aurre egingo deutso: maratoi bat egitea (42.195 metro) zirkuitu labur eta Bizkaiko leku ospetsu batean, izan be, 170 metroko zirkuitu bat da; guztira 85 metroko 514 zuzen, jagokezan joan-etorriko bigaz. Lasterketea 9:00etan hasiko da, astelehenean, abenduaren 30ean.

Historian zehar, Javi Conde Maratoi Solidarioek antzeko ezaugarrietako hainbat maratoi egin ditu, Gaztelugatxeko San Joanen, Bizkaia Zubiko igarobidean edo Karrantzako Pozalagua kobazuloan.

Probak homologauta eta Bizkaiko Federazinoko epaileek kontrolauta dagoz eta dirua batzea eta ekintza solidarioetan erabiltea dabe helburu. Aurten, batutako dirua honako alkarteei emongo jake: Aunar Taper Solidario, Stop San Filipo, Kirol Egokituaren Euskal Federazinoa, Saharako Errefuxiatuen Kanpamendua, Basauriko Atletismo Egokituaren Kluba eta Aingeru-Etxebarri Proiektu Solidarioa, Jesusen Mirabeak, besteak beste.

Javi Conde atleta bilbotarrak bederatzi domina irabazi zituan Udako Joko Paralinpikoetan 1992 eta 2004. urteen artean. Une honetan Basauriko Javi Conde Atletismo Kluba zuzentzen dau eta bertako adimen-urritasuna daben kirolarientzako pista atletismo taldeak, aurten, Espainiako txapelketea irabazi eta Bizkaira 27 domina ekarri ditu.

Erandioko Jon Salvador Javi Conde Atletismo Klubeko kidea da eta zezeilean, bosgarren aldiz, Saharako Maratoiko podiumera igon eban, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduen zeharreko lasterketea egin ondoren. Bertan hirugarren geratu zan.

Kirolari biek bost maratoi solidario horreetan hartu dabe parte. Aurten, abenduaren 30ean izango da eta hor Begoña Beristainek be parte hartuko dau; Beristain, Saharako Maratoiaren podiumean sartu zan, hirugarren geratu ondoren eta Tunezen antolatutako Saharako 100 kilometroetako ultradistantzian izan dauen bere lehenengo esperientziatik itzuli barria da.


Maratoi hau Bizkaiko Kepa Junkera trikitilariari dedikauta egongo da


Maratoi Solidarioen lagun ona da bilbotarra eta aurreko erronketako batzuk bere musikaz lagundu izan  ditu. Junkera bere bizi-maratoiari aurre egiten dago eta esfortzu, sendotasun eta sakrifizio handiz, orain hainbat hilebete, ezenatokiak baztertu egin behar izan zituan iktus larri bat izan ebalako; egun osatzen dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu