Chillida Leku, Santanderko Botín eta Bilboko Arte Eder Museoa, bidelagun

Dabi Piedra 2019-12-19 13:40   Kulturea

Hiru zentroetako bakotxeko bisitariek abantailak izango ditue beste bietan.

Sáenz de Miera, Massagué eta Zugaza, Bilbon, Eduardo Chillidaren eskulturea atzean dabela | Ikusi handiago | Argazki originala

Akordio aitzindaria egin dabe arte plastikoen inguruko hiru erakusleku esanguratsuk: Santanderko Botín Fundazinoa Zentroak, Hernaniko Chillida Lekuk eta Bilboko Arte Eder Museoak. Bilbon sinatu dabe alkarlanerako hitzarmena, eta han bertan emon ditue azalpenak hiru zentroetako arduradun nagusiek. Bisitariak erakarten eta abantailak eskaintzen batera jardungo dabe.

Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendariak azaldu dauenez, hiru ardatz nagusi ditu alkarlanak. Batetik, hiru museoetako bat bisitau ezkero, beste bietan sartzeko % 20ko deskontua egongo da. Horretarako, lehenengo bisitautako museoaren sarrerea erakutsi behar da hurrengoan. Bigarren horretako sarrerea hirugarrenean erakutsita, barriro lortu ahal izango da deskontua.

Bigarren ardatza museoen lagunen programetan izena emonda dagozanentzat da. Hiru museoetako bateko laguna izan ezkero, beste bietan % 30eko deskontuagaz sartu ahal izango da. Arte Eder Museoak ia 4.000 lagun ditu, adibidez. Azkenik, hirugarren ardatza komunikazinoari lotuta dago. Hiru museoak alkarren erakusketa eta ekimenen barri emongo dabe. Hiruron arteko plataformea izango da, danon proposamenak zabaltzeko, dino Zugazak.

Botín Fundazinoko Iñigo Sáenz de Mierak adierazo dauenez, museoen arteko alkarlanak bultzatzeko bildurra egon da betidanik, ulertzen gatxa dan arren. Bankuek, aseguru-etxeek eta enpresa guztiek ez dabe arazorik izaten lehiakideakaz akordioetara heltzeko, eta gu, ostera, beti geurera begira egoten gara. Horregaitik, alkarlanerako akordio hau sinbolikoa dala uste dau Sáenz de Mierak, orain arte egon dan mugea apurtzen dauelako.

Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak be zabaltze horren alde egin dau, Hernaniko museoaren filosofiagaz bat datorrelako: Norbere lurrean zuztartutako proiektua da gurea, baina beti ingurura zabalik. Sáenz de Mierak ganeratu dau arteak hobeak egiten gaituela eta beharrezkoa dala berau gizarteratzea.

Honenbestez, aldi barri bati ekingo deutsie Botín Zentroak, Arte Eder Museoak eta Chillida Lekuk, alkarren bidelagun. Bizkaiko Golkoko ardatz kultural aberatsak halako ekimen baten beharra eukala azpimarratu dabe, izan be, Zugazak azaldu dauenez, Santandertik Baionara doan lurraldean erakunde publiko eta pribadu ugari dabiz artearen munduan. Ez dau baztertu alkarlana beste zentro batzuetara zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu