Bardintasunaren Emakunde Saria, Concepción María Carranzarentzat

Bizkaie! 2019-12-19 08:33   Pil-pilean

Hogei urte baino gehiago daroaz ahultasun handiko egoeran dagozan emakumeei laguntzen.

Izaskun Landaida (Emakundeko zuzendaria) eta Concepción María Carranza (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bardintasunaren aldeko Emakunde Sariaren epaimahaiak aho batez erabagi dau 2019ko saria Concepcion María Carranza herri-hezitzaile feministeari emotea, urteotan egin dauen ezinbesteko lana jentaurrean autortzeko asmoz. Metodologia emantzipatzaileetan eta ekonomia feministan aditua da Carranza, eta batez be, egoera ahulenetan dagozan emakumeen alde egin dau lan. El Salvador jaioterrian zein Euskal Herrian, proiektu ugari jarri ditu martxan.

Epaimahaiak ganeratu dauenez, lidertza kolektiboak eregiteko lanaren bidez egiten dauen ekarpen metodologikoa nabarmena da, emakume migratuen arrazoi eta aldarrikapen feministak indartuz. Carranza diskursoak aberasten laguntzen dabil, askorentzat erreferente bihurtu da, eta emakumeak ahalduntzeko, kontzientzietako eta antolatzeko prozesuak bultzatu ditu.

Sari honen bidez, Carranzaren beraren lana autortzeaz gan, epaimahaiak gogoan hartu nahi izan ditu beste lurralde batzuetako egoerak euskal errealidadeagaz lotzeko hainbat ikuspegi eta eremutan lanean dabizan beste emakume asko, baita beste diskriminazino-faktore batzuk sufriduten dituen emakumeen ahalduntzea sustatzen dabizanak be.

Epaimahaiaren eretxian, feminismoen arteko alkarrizketarako beharrezko zubiak eregiten ditue  horreek guztiek. Gizartean, mobikortasunean eta aniztasunean gero eta aldaketa gehiago dagozanez, alkarrizketa-lan hori ezinbestekoa da emakumeen kolektibo guztien beharrak, errealidadeak eta jarrerak ezagutzeko, epaimahaikoen ustez.

Concepción María Carranzaren hautagaitzearen alde egiteko orduan, Emakunde Sariko epaimahaiak kontuan hartu dau zelako babesa izan dauen: EAEko ia 30 kolektibok egindako proposamena izan da. Ganera, Carranza saritzearen alde egin daben horreen guztien artean dagoz feminismoan eta bardintasunean luzaro ibilitako jentea eta sindikatu zein erakundeetan dabizan personak.

Saria irabazteagaitik, 14.000 euro emongo deutsiez Carranzari. Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko burrukan nabarmendu diran norbanako edo taldeak, publiko zein pribaduak, jentaurrean autortzea da Bardintasunaren Emakunde Sariaren helburu nagusia, batez be, emakumeen duintasunean eta balioan eragin badabe, edo aukera bardintasunaren aldeko bidean pausu eraginkorrak egin baditue.

2006tik sari bakarra emoten da urtero. Igaz, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunari buruzko Masterra eta Deustuko Unibersidadeko Emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeari buruzko Masterra saritu zituen. 2017an, Virginia Imaz clown-ak jaso eban autortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu