Eako historia hainbat ikuspegitatik jorratuko dabe

Bizkaie! 2019-12-18 13:05   Pil-pilean

Abenduaren 27, 28 eta 29an egingo ditue Ea, H-a galdu duen herria jardunaldiak.

Atzera begiratzeko aprobetxauko ditue Gabonak Ean, historia (eta historiaurre) aberatseko herria dalako, jazoera eta pasadizoz betea. Ea, H-a galdu duen herria jardunaldia abenduaren 27tik 29ra egingo dabe Eskolondon, alor askotako aditu eta sortzaileen eskutik. Berbaldiak, erakusketak eta irakurraldiak dagoz egitarauan.

Lehenengo egunean, antxina-antxinako sasoietara joko dabe jardunaldiek. Batetik, hazur fosilen erakusketea ikusi ahal izango da arratsaldean, eta, bestetik, berbaldi interesgarria atondu dabe Pero Castaños eta Xabier Murelagak 19:00etan, Orain dela 100.000 urte, (H)ea izan aurretik izenburupean.

Abenduaren 28an, eguerdi aldean izango dira jarduera nagusiak. 12:00etan, argazki erakusketea zabalduko dabe, eta 12:30etan, Iñigo Aranbarrik emongo dau berbaldia, Urrats galduen herria izenburuduna.

Azkenik, 29an, literatura unibersaleko idazle handienetako bat gogoratuko dabe, Eagaz askok uste dabena baino lotura estuagoa dauka eta. Gauza jakina da Julio Cortázar idazle argentinarrak euskal jatorria eukala, aitaren parteko aitita bertokoa zalako. Hain zuzen be, Amerikara joan aurretxuan Ean bizi izan zan.

Aitagaz eukan hartu-emon gorabeheratsuagaitik, euskal jatorriaz berba egiteko gogo handirik ez eban euki sekula Cortázarrek. Halandabe, Ean idazle amerikarraren ekarpena aintzat hartzea bidezkotzat jo dabe. Holan, hilaren 29an, Cortázar izango da protagonista jardunaldietan. Julio Sotok Ea, Julio berbaldia emongo dau. Ondoren, Cortázarren Pertsegitzailea ipuinaren irakurketa dramatizadu eta musikatua egingo dabe Oier Guillanek eta Iñaki Zudairek.

HEA, Herrijeri Emon Arnasa kultur alkarteak antolatu ditu jardunaldiak, Eako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzearen babesaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu