Euskerazko Wikipedia munduko 29.a da artikuluen kopuruan
2019-12-18 10:11 Pil-pileanFuntsezko artikuluetan eta kalidadean be hobera egin dau.
Hizkuntza guztien artean, euskereak goi mailako Wikipedia bersinoa daukala dinoe datuek, batez be hiztun kopuruaren eta edukiaren arteko proportzinoari begiratzen badeutsagu. Zabalkunde handiagoko hizkuntzen ganetik dago euskerea alor horretan. Euskal Wikilarien Alkarteak 2019an izandako bilakaerearen barri emon dau sare sozialetan, eta Sustatu atariak batu eta laburtu ditu datuok. Hona esanguratsuenak:
2018an baino 33.000 artikulu gehiago dagoz orain, danetara 342.000 pasautxu. Hortaz, orain 29. lekuan dago euskerazko Wikipedia hizkuntza guztien zerrendan, orain dala urtebete baino postu bi gorago.
Hobekuntzea kualitatiboa be izan da, kuantitatiboa izateaz gan. Kalidadea neurtzeko Wikipediak berak ezarrita dituan erespide bitan, Hezkuntza Programan eta funtsezko artikuluetan, hazkunde nabarmena izan dau euskerazkoak.
Funtsezko artikuluak diralakoak, hizkuntza guztietan egon beharreko oinarri-oinarrizko kontzeptuen artikuluak dira. Zemendian, euskerazkoan egon zan hazkunderik handiena alor horretan. 50. postutik 42.era pasau da euskerazko Wikipedia. Ganera, oinarrizko artikuluok luzeagoak dira, batez beste, orain dala urtebete baino.
Hezkuntza Programea, bestetik, Eusko Jaurlaritzeak diruz lagundutako egitasmoa izanik, gero eta osotuago dago. Gazteen hezkuntzan lagungarri diran artikuluak sortu eta hobetzeko helburua dau egitasmo horrek, ikasgaien arabera banatuta. Fisika eta Kimikan, berbarako, artikuluen tamainua % 255 hazi da.
Azkenik, Wikidata gero eta gehiago erabilten dabe wikilari euskaldunek. Tresna horren euskerazko bersinoa mundu osoko 11.a da erabileran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!