Sexu aniztasunaren zirimiriak bustiko dau Bilbo zezeilaren 24tik martiaren 8ra

Bizkaie! 2019-12-17 12:07   Zinemea

Zinegoak jaialdiaren 17. edizinoa gero eta hurrago dago.

LGTBI Zinemearen eta Arte Eszenikoen Nazinoarteko Jaialdia, Zinegoak, prest dago 17. edizinoari ekiteko. Antolatzaileek fetxen barri emon dabe dagoeneko: 2020ko zezeilaren 24tik martiaren 8ra izango da. Sexu aniztasuna, zinemea eta kulturea, bazter guztiak bustitzen dituan zirimiria iragarri dabe egun horreetarako.

Aurreko urteetan legez, Bilbo izango da Zinegoaken egoitzea. Han izango dira proiekzinoak, sari-banaketak eta abar. Baina inguruko herriak be ez ditue ahaztuko, Zinegoak Hedapena saila Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietara helduko dalako, jaialdia amaitu eta berehala, martian eta apirilean. Gitxi gorabehera, 50 udalerritan proiektauko ditue 17. Zinegoakeko lanik esanguratsuenak. Bilbotik kanpo egindako jardueretan jauzi kualitatiboa egitea da asmoa.

Badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoana, eta ganera harrerea urtetik urtera handiagoa da, baina obrak ahalik eta herri gehienetara heltzea nahi dogu, eta, horregaitik, Hedapenaren lana indartzea erabagi dogu, adierazo dau Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak.

Edozelan be, Bilbon izango da jaialdiaren zatirik nabarmenena. Oraingoan be, hiru atal nagusi izango ditu egitarauak: FIK, DOK eta KRAK. Sortzaileek 500 obra inguru bialdu deutsiez antolatzaileei, filmak eta arte eszenikoak batuta, eta interesgarrienak aukeratu beharko ditue. Trans errealidadea jorratzen daben lan ugari jaso dituela nabarmendu dau antolalakuntzeak.

Zinegoaken lehenengo astean fikzinoa izango da nagusi, Golem Alhondiga zinema-aretoetako eta Art House Cinemako programazinoen bidez. Bigarren astean, dokumentalen eta jarduera osogarrien txandea izango da, Bilborocken.

Zezeilaren 24ra arte itxaroteari luze deritxenak lasai egon leitekez, giroa berotzeko 3, 2, 1... Zinegoak! aurre jaialdia laster hasiko da eta, beste erakunde, alkarte eta norbanako batzukaz alkarlanean antolatuta. Ganera, ZG jarduera profesionalak be egongo dira, ikus-entzunezko sorkuntzearen eta produkzinoaren arloen ikuspegi zehatza eskaintzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu