Laguna txartela atera dabe Gernika-Lumon, kulturea bultzatzeko

Bizkaie! 2019-12-17 08:09   Kulturea

Herritarrek deskontuak lortu leikiez zinema-areto eta antzokietan.

Gernikako Elai Alai aretoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernika-Lumoko Udalak, Kultur Etxearen bidez, Laguna izeneko txartela ipini dau salgai, kultur ekitaldietara doazanei lagundu eta joateko interesa euki leikienei bultzadatxua emoteko. Aurreko urteetan be martxan egon da ekimena, eta erakundeak zein erabiltzaileak pozik dagoz orain arteko emoitzakaz.

Laguna txartela 35 euroan erosi leiteke, Kultur Etxean eskaria egin eta bankuan diru hori sartuta. Orain arte Laguna txartela euki dabenek be, bide beretik barritu leikie urtebete gehiagorako. Familia txartela be badago aukeran, 30 euroan. Behin txartela eskuan, 2020an Gernika-Lumon antolatzen diran ekitaldi kulturaletan deskontuak eta prezio bereziak lortu ahal izango dira.

Esate baterako, Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan antolatzen diran ekitaldietan, % 25eko deskontua izango dabe txarteldunek. 2020ko programazinoko ekitaldi bitarako gonbidapenak be emongo deutsiez txartela daukien guztiei, baita zinemarako seina sarrera be. Sarea izeneko alkartean dagozan antzoki publikoetan be % 25eko deskontua izango dabe.

Informazino gehiago nahi dauenak, Gernika-Lumoko Kultur Etxeagaz bat egin leike, 94 627 02 01 telefonoan edo kultur-etxea@gernika-lumo.net helbide elektronikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu