Joxe Azurmendiren lan guztiak sarean

Bizkaie! 2019-12-16 12:59   Kulturea

Joxe Azurmendiren 685 idazlanak konsultau eta eskuratu daitekez.

Pentsalariaren testuetako izenburuetan zein edukietan bilaketea egiten dauen berariazko bilatzailea sortu dau Jakinek. Eskuratu daitekezan lanen artean dagoz Gizabere kooperatiboaz edo Hizkuntzea, nazinoa, estadua, besteak beste. 2019ko abenduaren 17a Joxe Azurmendiren (Zegama, 1941) obra osoa inoiz baino errazago konsultau daiteke Jakinen sareko atarian, izan be, Joxe Azurmendiren obra osoa digitalizau eta sarean jarri dau eskura Jakinek berariazko gaitegiagaz osotutako bilatzaileagaz. Hori dala eta, haren testuak berba gakoen bidez nahiz gaien eta argitalpenen arabera bilatu daitekez.


15.000 orrialde baino gehiago

Filosofia eta pentsamendua, nazino auzia, literaturea, euskerea, kulturea, modernia eta posmodernia, gizaberea….. Eta beste hainbat gai lantzen dira Joxe Azurmendiren obran, euskal pentsalari emonkorrenetakoa baita. Danetara, 685 lan argitaratu ditu: 41 artikulu, 523 artikulu, 118 liburu zati eta hiru itzulpen. Lan horreek guztiak dira www.jakin.eus atarian eskura dagozanak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Jakin Fundazinoaren arteko hitzarmenari esker digitalizautakoak, 15.000 orrialde baino gehiago.

Azurmendiren lehen idazlan argitaratuak 1960koak dira, Jakin eta Anaitasuna aldizkarietako artikuluak. Dokumenturik barriena, ostera, 2018koa da, Jakin aldizkariaren 225. zenbakikoa. Horreen artean dagoz bere liburu ezagunenetakoak: Gizabere kooperatiboaz, Espainolak eta euskaldunak, Volksgeist – Herri gogoa, Historia, arraza, nazinoa edo Azken egunak Gandiagagaz, besteak beste. Danak dagoz sarean konsultau eta deskargetako moduan.


Bilatzailea

Joxe Azurmendiren ordura arteko lanak digitalizau zituan Jakinek 2014an. Baina, bilatzailerik barik eskegi zituen sarean. Horregaitik, haren lanotan sakondu eta bilaketa zehatzagoak egiteko aukerea eskaintzeko,  bilatzaile berezia sortu dau Jakinek, Azurmendiren lana sailkatzen dauen gaitegia osotuz, gaien araberako bilaketak egiteko. Gainera, berba jakin baten araberako bilaketea be egin daiteke orain, testu barrualdean be begituten dauelako bilatzaile barriak. Azkenik, urte eta argitalpenaren araberako bilaketea egiteko aukerea be eskaintzen dau. Hori dala eta, inoiz baino errazagoa da Joxe Azurmendiren lanak arakatzea, gaurkotuta eta danon eskura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu