Zorrotzako 1.228 dokumentu batu ditu Argazkinetak

Bizkaie! 2019-12-13 12:16   Pil-pilean

Material garrantzitsuenak hilaren 17an aurkeztuko ditue jentaurrean.

Bilboko Zorrotza auzoaren azken hamarkadetako historia berreskuratu, batu eta gizarteratzeko asmoz jarri dau martxan Bilboko Udalak Argazkineta izeneko egitasmoa, uriko ondarea jagoteko Bilbao Izan programearen barruan. Urrian hasita, Argazkineta auzoan ibili da, herritarrek itxitako dokumentuen bila: Argazkiak, diapositibak, liburuak, kartelak, audioak, bideoak...

Deialdiari 50 zorrotzar inguruk erantzun deutsie, eta, danetara, 1.228 dokumentu jarri ditue Udalaren esku. Zaharrena 1892ko argazki-negatibo bat da. Horrezaz gan, ahoz jaso ditue 22 auzokideren gomutak, Zorrotzako lehengo bizimoduaren ingurukoak gehienbat.

Proiektua bera eta batutako material esanguratsuena jentaurreko ekitaldi baten erakutsiko ditue Argazkinetako arduradunek, hilaren 17an, martitzena, Mirarien Gure Amaren eleizan, Zorrotzan bertan. Euskeraz eta gaztelaniaz egingo dan Argazkineta Show ekitaldia Ugaitz Alegria aktore eta kazetariak aurkeztuko dau, eta sartzea doban izango da.

Bestetik, jasotako material guztia digitalizau egingo dabe Bilbao Izan programako adituek, formatu bakar eta modernoan batuta egon daitezan aspaldiko dokumentu guztiok. Danen artean, Zorrotzako auzoaren historia, gizartea eta bilakaerea agertzen dituan bilduma aberatsa osotzen dabe. Kontakizun hori, ganera, auzokideen artean, era kolektiboan eregi da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu