Lorelei taldea bueltan da
2019-12-13 10:40 MusikeaHogei urte geroago, kontzertuak joko ditue barriro.
Mikel Gorosabelek eta Asier Serranok, 1990eko hamarkadan Loreleiren arimea izan ziran sortzaile biek, iragarri dabe taldea berbiztuko dabela, eta 2020an kontzertu batzuk emoteko asmoa dabela. Era horretara, bizitza labur baina oparoa izan eban proiektu bat euskal musikearen panoramara bueltauko da, desegin eta 20 urtera.
1997an lehenengo diskoa atera ebenetik 1999ra bitartean, Gorosabelek eta Serranok beste musikari bi izan zituen alboan, Jon Maza eta Mikel Irisarri. Loreleiren bigarren aldi honetan be, laukote formatuaren alde egin dabe. Gorosabel eta Serranogaz batera, Antxon Sarasua eta Loiola Madera agertuko dira oholtzan.
Dagoeneko lau kontzertu daukiez adostuta. Lehenengoa, Andoaingo Bastero kulturgunean, 2020ko urtarrilaren 17an joko dabe; zezeilean beste leku bitan egongo da Lorelei: Eibarren (7an) eta Zarautzen (14an). Martiaren 24an Lekeition entzun ahal izango dira laukotearen doinuak. Seguruenez, kontzertu gehiago be etorriko dira gero.
Eibarko harrobi musikal aberatsaren parte da Lorelei be. Oier Gorosabelek eta Asier Serranok, biak eibartarrak, kolaborazino estua euken EH Sukarra taldean, lehena musikagintzan eta bigarrena letragintzan. Bien arteko proiektu legez jaio zan Lorelei, EH Sukarrakoak baino kantu leunagoak lantzeko asmoz, pop ikutu handiagokoak.
Hasieratik bizitza laburra aurreikusi eutsien Loreleiri sortzaileek eurek. 1997an plazaratu eben Bada hiri gorri bat lehenengo diskoa, eta publikoak harrera ona egin eutsanez, bigarren bat be atera eben, Tatuatu zenidan zerua (1999). Orduan desegin zan taldea, Serranok eta Gorosabelek hartu-emon artistikoari eutsi badeutsie be.
Aitor Gorosabelek ibilbide arrakastatsua izan dau musikan, EH Sukarragaz zein bakarka, eta euskal musikako egile ezagunenetako bat da gaur egun. Asier Serrano, bakarkako disko batzuk atera bazituan be, literaturan ibili da gehienbat, eta sari garrantzitsuak emon deutsiez, tartean 2017ko Euskadi Saria, Linbotarrak poesia liburuagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!