Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga aurrez aurre 'Eztabaidak Literatureagaz' jardunaldietan
2019-12-13 10:19 KultureaIdazle baten azkenengo eleberria hitzordua euskeraz izango da.
Anjel Lertxundi
Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literatureagaz ekimenaren urteko azken hitzordua jasoko dau datorren martitzenean, hilaren 17an, eta gure literaturako erraldoi bi alkartuko ditu: Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga (2019ko Letren Sari Nazionala). Idazle baten azkenengo eleberria izenburupean, euskeraz egingo dan topaketa 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, Pili Kaltzada idazke eta kazetariak gidatuta; sartzea librea izango da leku guztiak bete arte eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Pili Kaltzadak idazleen azken eleberrien inguruko berbaldia proponiduko dau eta badirudi holan izango dala Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak liburuagaz; argitaratu barria da, eta egileak berak azkena izango dala iragarri dau. Baina Pili Kaltzadak beste kontu batzuk nabarmenduko ditu, idazle biak entzutetsuak diralako euskerazko literatura unibersaleko idazle klasikoen artean, izan be, eleberria, poesia, ipuina eta saiakerea landu ditue eta euren lanak hizkuntza ugaritara itzuli dira.
Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa)
Filosofia eta Letretan lizentziatua, idazle, literatur kritikari, kazetari eta gidoilaria be bada. 1999an Euskadi Literatura Saria irabazi eban Argizariaren egunak eleberriari esker. 1994an, Literatura Sari Nazionaleko finalistea izan zan narratiba modalidadean, euskal literaturako funtsezko liburu dan Otto Pette eleberriagaz. Era berean, Kritikaren Sari Nazionala irabazi eban 1983an eta 1991n eta, bere literatur ibilbide osoaren omenezko Rosalia de Castro saria be jaso dau. Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2010) saiakereagaz 2010eko Saiakera Sari Nazionala irabazi eban. Itzuliz usu begiak saiakerea argitaratu barri dau. La Vanguardia, El Mundo, El Diario Vasco, El País, Berria eta El Correo egunkarietan ibili da.
Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa)
Bernardo Atxaga ezizenez ezaguna dan Jose Irazu Garmendia idazle eta euskaltzainak Letren Sari Nazionala jaso barri dau, euskerearen eta gaztelaniaren modernizazinoan eta nazinoarteko proiekzinoan egindako ekarpenagaitik. Euskereak dauen idazle unibersalenak Narratiba Sari Nazionala irabazi eban 1988an Obabakoak eleberriarengaitik. Eleberri horrek, La odisea, Alicia en el país de las maravillas edo El señor de los anillos lanetan, besteak beste, sortu dana lako literatur unibersoa sortu dau, eta AEBetako editore talde batek, garai guztietako 100 literatur uniberso garrantzitsuenen artean sartu dau. Saria Etxeak eta hilobiak (Pamiela) argitaratu barri dauen une berean jaso dau. Eleberri horretan, Atxagak garai eta leku ezbardinetako hainbat personaiaren istorioak ehuntzen ditu, bere bizipenen zertzelada batzuekaz buztartuta. Alfaguara argitaletxeak gaztelaniazko bersinoa kaleratuko dau datorren zezeilean.
Ibilbidea
2007. urtearen hasieran Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte eta 10.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, orain hamarkada bat bezela, egitarauaren helburua literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero bat oinarri hartuta, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidautako personakaz egindako jentaurreko barriketaldien bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!