'Pilulak’ lemapean, ahuleziari begira jarri da Feministaldia

Bizkaie! 2019-12-12 09:54   Kulturea

Abenduaren 12, 13 eta 14an izango da Kultura Feministearen XIV. Jaialdia.

Plazandreok kolektiboak beste urte batez Kultura Feministearen Jaialdia atondu dau abenduko bigarren hamabostaldian. Aurkezpenean izan dira Plazandreok kolektiboko antolatzaile Juana Aranguren, Feministaldiako koordinatzaile Leire San martin eta Josebe Iturrioz, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, Donostiako Bardintasun zinegotzi Duñike Agirrezabalaga eta Tabakalerako kultura zuzendari Clara Montero.

Azken hamalau urteetan legez, egun kultura feministeari lotutako ahots, sorkuntza eta diskursoen alkargune izan nahi dau Feministaldiak, batez be, urrakortasuna edo ahulezia eta desorekei begira jarrita. Horretarako, hainbat izango dira egitarau oparoa beteko daben gonbidatuak.

Aurtengo edizinoa berezia izango dala azpimarratu dau Leire San Martin jaialdiko koordinatzaileak, zemendiaren 23an ekin geuntsan Paul B. Preciado eta Cristina Moralesekin egindako berbaurre bategaz eta abenduaren 8 eta 9an Tabakaleragaz alkarlanean jarraitu dogu zinema feministea landuz azaldu dau.

Holan azpimarratu dau jaialdiaren garrantzia Landaidak: Feministaldiak espazio bat eskaintzen deutso feminismoari, kultureari, eta gogoeteari, baita emakumeen arteko sareak sortzeari, izan be Feministaldia bada topagune bat, diskurso, disziplina eta mundu ezbardinak hartu-emonetan jarteko, eta emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena entzunarazoteko.


Kontadoresera aldaketea

Aldaketa nagusia iragarri dabe antolatzaileek, hau da, azken urteetan hartzaileak ohituta egozan Tabakaleratik, Kontadores Gazte Zentrora mobiduko baita jaialdia, periferietara itzultzeko apustua egin dabelako: Hasierako Feministaldiaren Artelekuko urte hareek gogoan, asmoa geunkan uriak eskaintzen dituan beste bazter batzuetara joteko, gehitu dau Feministaldiako koordinatzaile Josebe Iturriozek.

Holan azpimarratu dau Duñike Agirrezabalagak be: Donostia Gazteriarentzat oso garrantzitsua da Feministaldia Kontadoresen izatea. Gune hau nabarmentzen lagunduko deusku eta Gazteriako departamentua lantzen dagoan diskursoa indartzen dau. Horrezaz gan, Kontadores zentroko langileek gai honen inguruan daben prestakuntzea azpimarratu behar dogu.

Aurten be, egitarau oparoa atondu dabe antolatzaileek, berbaldi, mahai-inguru, antzerki eta performance-en artean, artista, aktibista eta pentsalariak izango dira.


Buru-osasuna, prostituzinoa, transexualidadea

Pilulak leloaren barrruan, hainbat dira landuko diran gaiak. Abenduaren 9a izan zan abiapuntu, hain zuzen Zauriak dokumentalagaz hasi baitziran, buruko gatxak eta feminismoa buztartzen dituan ikus-entzunezkoagaz. Horri jarraipena emoteko, Buru-osasuna eta feminismoa mahai-ingurua izango dabe zapatuan, Maria Zapata, Susanna Minguell eta Marta Plazagaz.

Egun berean, prostituzinoa be berbagai izango dabe: Prostituzinoa: Alkarrizketa eta etika feministea izeneko mahai-inguruan, Sabrina Sanchez eta Tere Maldonadogaz.

Besteak beste, transexualidadeak be lekua izango dau Bitasunetik at, praktika artibistak mahai-inguruagaz, Sam Fernandez eta Diego Marchantegaz.

Horreez gan, Nancy Garin, Susana Talayero, Leire Aranberri, Ce Quimera, Urko Postop, Irene Arrarats, Iraitz Agirre, Marta Malo, Cul Kombat, Miren Gaztañana eta Iraia Eliasen lan eta ekarpenak izango dira.

Urtero legez, Feministaldiak jaia antolatu dau jaialdiari amaierea emoteko: zapatuan Moganbo aretoan izango da 22:00etatik aurrera, besteak beste, Folkaraokea eta Sobria&Serena Dj ezagunakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu