Aurten Mexiko, Txina eta Txileko 42 ikasle egon dira gurean

Bizkaie! 2019-12-12 09:12   Kulturea

Lea Artibai Ikastetxea eredu da Euskal Lanbide Heziketeak nazinoartean egiten dauen eskaintzan.

1996an zabaldu zituan ateak Lea Artibai Ikastetxeko Nazinoarteko Hartu-emonen eraikinak. 22 gelaz osotutako egotetxe horreek 1997ko IberFAD sarietako aukeratua izan zan. 23 urtetan hainbat ikasle hartu ditu eraikinak, atzerritarrak zein euskaldunak. Halan da be, azken urteetan ikastetxeak abiarazotako nazinoarteko proiektuetan parte hartzen daben ikasleen topaleku eta aterpe bihurtu da. Holan, ikasturte honetan jatorri ezbardineko 32 atzerritarrek hartu dabe ostatu Nazinoarteko Hartu-emonen eraikinean: 27 mexikar, 13 txiletar eta txinatar 2.

Bere heziketa aurreratua, instalakuntzak eta enpresakaz dituan lotura estuari esker, Lea Artibai Ikastetxea Euskal Lanbide Heziketeak nazinoarte mailan egiten dauen eskaintzearen erreferentziazko zentroetako bat da.


Capacitación sin fronteras, Mexiko

Mexikoko Guanajuato estaduko Gobernuak TKNIKAgaz (Lanbide Heziketeari aplikautako ikerketa eta barrikuntzako EAEko zentroa) sinatutako akordio bati esker, Lea Artibai Ikastetxeak aurten 26 gazte mexikar hartu ditu, 4.0 industriak eskatutako gaitasun tekniko zein zeharkakoak lantzen dituen prestakuntza programa berezi baten barruan. Ikasleek Euskal Herriko enpresek Guanajuaton (Mexiko) dituen enpresetan 6 hilebeteko epealdi bat egin ondoren, Lea-Artibaira etorri dira (enpresa horreen jatorrizko plantara) prestakuntza espezializatua jasoten. Programan parte hartzen daben enpresak honako honeek dira: CIE Automotive, Elay S.L., Panelfisa, Ecenarro S.Coop., RPK S.Coop., Hijos de Juan Garay eta Metagra Beragara S.A..


Técnicos para Chile programea

2008an Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzeak Txileko Hezkuntza Ministerioagaz berbatutako akordio honi esker, ikastetxean Txiletik etorritako ikasleak izaten dira. Técnicos para Chile programa honen bitartez, txiletar bekadunak ikasketa Tekniko Espezializatuak zein Euskadin hobekuntza-ikasketak egiten ditue. Ikasturte honetan, Txileko 13 bekadun etorri dira.


TEP Technology Entrepreneurship Program

TEP polimeroakaz lotutako teknologia eta ekintzailetza gaitasunak lantzeko programa duala da, eta helburuetako bat Euskadiko enpresen atzerriko lantegietan behar egingo daben ikasle atzerritarrak erakartea da, hemengo beharginak atzerrira joan ez daitezan. Lea Artibai Ikastetxeak, Leartiker zentro teknologikoagaz batera eta Europako Gizarte Funtsak (EGF) diruz lagunduta, sustatutako nazinoarteko programa barritzaile honek bere 5. edizinoa dau aurten. 9 ikasle dabiz parte hartzen TEPeko edizino honetan, eta horreetako 2 txinatarrak dira eta beste 1 mexikarra. Azken urteetan 9 izan dira hemengo kooperatiben atzerriko lantegietarako trebatutako ikasle atzerritarrak (Mexiko, Txina eta India).


Lea Artibai Ikastetxea

Markina-Xemeinen kokatuta dagoan goi mailako hezkuntza zentroa da. 1957an sortu zan, eta helburua eskualdearen etorkizunaren alde lan egitea da. Azken 10 urteetan 19.000 ikasle baino gehiagoren prestakuntzan lan egin dau. Hezkuntza eskaintza zabala eta Euskal Herriko eta atzerriko enpresekaz dituan zuzeneko loturak nabarmentzen ditue adituek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu