Smile getxotarrak Madrilen

Bizkaie! 2019-12-11 11:28   Musikea

Getxotarrek Happy accidents diskoa aurkeztuko dabe, abenduaren 15ean, 12:00etan.

SGAE Fundazinoak Smile hirukotearen kontzertuagaz agurtuko dau urtea. Getxotarrek Happy accidents diskoa aurkeztuko dabe, abenduaren 15ean, 12:00etan. Sarrerak salgai dagoz Berlanga Aretoan (Andrés Mellado kalea, 53. Madril. Prezioa: 3 €. Sarrerak salgai leihatilan eta entradas.com webgunean).

Lan honetan, John Franks britainiarra buru dauen taldea estilo barri bategaz dator baina esentziari eutsiz. Smile garaikideago eta itsaskorrago aurkezten jaku: erritmo jantzagarriagoakaz eta gaztelania be txertatuz. Disko barrian mezu baikorra da nagusi, sekula ez dalako berandu amesak gauzatzen saiatzeko.

SGAE Fundazinoak rock, folk, swing edo pop generoak txikienakana hurreratzeko asmoa dau musikaldi honegaz. Kontzertu-ziklo honen edizino bietan, besteak beste, La Bien Querida, Billy Boom Band, Alondra Bentley, Maga, The Imperial Surfers, Fetén Fetén, Bigott, Anaut, The Limboos, Julián Maeso, Candeleros, Mastretta, The Pinker Tones eta Marem Ladson taldeek parte hartu dabe.

Smile

Smile John Franks (Getxoko britainiarra) musikagile eta abeslaria buru dauen hirukotea da, Ferdy Breton (baxu-jotzailea) eta Javi Gonzalezegaz (bateria) batera. Abentura musikalari 2007an ekin eutsien Painting the sun one color izenburuko diskoagaz. Geroago, All roads lead to the shore (2011) etorri zan, taldeari izakera rockeroagoa ekarri eutson bigarren gitarrista bategaz. 2012an, Seasides argitaratu eben, bost abestiko EP digitala, euren bideoklipakaz batera eta upealako oihartzuna izan eban sare sozialetan. Urtebete geroago, Out of season (2013) hirugarren diskoa argitaratu eben, Donibane Lohizuneko Quiksilverren Drop in Studion grabau ebena, Saul Santolariagaz batera berau taldekide sendoa bilakatuz. Egun, hausnarketa aldi baten ondoren, bide barri bati ekin deutsie, lehen aldiz, 10 urteko hartu-emon estuaren ondoren rocketik aldenduz. Happy accidents disko jantzagarria da, sano ezbardina orain arte konposizinoan eta produkzinoan egindakoagaz akonparauta. Orain arte, ingelesez abestu izan dabe beti eta orain, barriz, gaztelaniaz be baditue kantuak.


b minúscula kontzertu-zikloa

Musikan ez dago nota txikirik, ezta ikusle txikirik be; horren erakusgarri publiko zorrotzenetakoari erreparetan jakela: umeei. SGAE Fundazinoak b minúscula kontzertu zikloa eskaintzen dau eta, horren bidez, hilean behin, rock & roll, folk eta pop doinuz beteten da Berlanga Aretoa, Madrilen, txikienen gozamenerako, baita laguntzaileen gozamenerako be. Ziklo dibertigarri eta askotarikoa da, gramatika akustiko hutsa, musika abezedario bat, letra xehez idatzi arren, melodia kolosalak ekarten ditualako.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu