Familientzako jarduera ugari atondu ditu Guggenheimek Gabonetan
2019-12-10 12:03 Pil-pileanAurten, Gabonak... berdeak! izango da leloa.
Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, Bilboko Guggenheim Museoak familientzako egitarau berezia ipiniko dau martxan, BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz, Gabonetan umeek eta gurasoek astialdirako jarduera kulturalak eskura izan deiezen. Aurten, Gabonak... berdeak! izango da leloa, ekintza guztietan ingurumenaren aldeko kontzientzia zabaltzea dalako helburua.
Museoko arduradunek esan dabenez, 3 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek arretaz bisitau beharko ditue erakusketak, detaile guztiei erreparauta, natureari eta paisajeei buruzko igarkizunak asmetako. Era horretara, artearen bidez, ingurugiroak daukan garrantziaren inguruko kontzientzia hartuko dabe.
Asmakizunen jokoa egunero egongo da bisitarien eskura, abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, museoa zabalik dagoanean. Horrezaz gan, familientzako aproposak diran beste jarduera bi be egingo ditue egun zehatzetan:
- Loo ikuskizuna: Antzezlan honetako protagonisteak Indiako haize baten izena dauka, Loo. Testu bako lana da, eta eszenografia berezi baten bidez, esperientzia sensorial baten sartuko ditu ikus-entzuleak. Argiak, soinuak... dira kontaketearen ardatza. Ingurumena jagotearen eta konsumo arduratsuaren aldeko mezua zabaltzen dau Ponten Pie konpainak antzezlanean.
Abenduaren 28an egingo ditue Loo obrearen emonaldi biak (12:30 eta 18:00), Museoko entzungelan. Urte bitik gorako umeentzat aproposa da.
- Tailer % 100 ekologikoa: Museoen Lagunen seme-alabentzako tailer honetan, Thomas Struthen argazkiak izango dira oinarria. Naturalaren eta gizakiak egindakoaren arteko aldeak aztertuko ditue umeek, paisajeari begiratzeko modu barrien inguruko gogoetea egiteaz gan. Material artifizialak zein naturalak erabiliko ditue parte-hartzaileek euren sorkuntzetan, beti ikuspegi jasangarritik.
Tailerrak abenduaren 26an eta urtarrilaren 3an izango dira euskeraz; gaztelaniaz, 23an, 27an eta 2an. Miren Arenzana, Zaloa Ipiña eta Karlos Martínez-Bordoy artistek gidatuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!