Fun & Serious Festival jentetsua eta solidarioa izan da

Bizkaie! 2019-12-09 10:25   Pil-pilean

42.000 lagun joan dira BECeko Fun Zone-ra.

Bigarren urtez Barakaldoko BECen egin dabe Fun & Serious Game Festival, bideojokoei eskainitako jaialdi parte-hartzailea, abenduaren 6tik 9ra. Beste behin, publikoak erantzun bikaina emon dau: Fun Zone dalakoan, 42.000 bisitari egon dira, bideojokorik barrienak probetan, lagunakaz olgetan zein jarduera berezietan parte hartzen.

Duda barik, Fortnite bideojokoa izan da edizino honetako izarra, batez be publiko gaztea erakarten dauen joko barria. Ehun postu egon dira BECen Fortnite probetako, beti jentez ganezka. Danetara, 400 postu ipini ditue, danetariko jokoetan olgetako: W2K20, Dragon Fighter Z, Black Sad, Apex Legends... Hori bai, joko klasikoek be ez dabe hutsik egin, nostalgikoen pozerako. BBK eSports Zone dalakoan, ganera, kirolagaz lotutako bideojokoak izan dira protagonista.

Fun & Serious BECetik harago be zabaltzen da, internet bidezko transmisinoen bidez. Hain zuzen be, ikusle gehiago egon dira online, lekuan bertan baino, ze momentu batzuetan 115.000 erabiltzaile batu dira stream-ean (igaz baino % 10 gehiago), batez be pertsonaia ezagunek partidak jokatzen izan dituenean.

Ikuspegi solidarioa be izan dau aurtengo edizinoak, Ibai Llanosek martxan jarritako Ibainéfico ekitaldiari esker. Llanosek berak eta beste youtuber eta influencer ezagun ugarik (ElRubiusek, adibidez) hainbat proba eta lehiaketa gainditu behar izan ditue, ikusleek donazinoak egin dituen bitartean.

Gaur, astelehena, da dohaintza solidarioak egiteko azken eguna, baina domeka arratsaldean Fun Zone-a zarratu ebenerako, 100.000 euro baino gehiago euki zituan batuta Ibainéficoak. Hori diru guztiori Save The Children erakundeari emongo deutso Llanosek, beharrizanean dagozan umeei laguntzeko. Bestetik, elikagai bilketea be egin dabe Fun & Seriousen, eta tona bat baino gehiago batu.

Domekako egitarauan, zazpi berbaldi, hiru mahai-inguru eta hiru barriketaldi egon dira, bideojokoetako profesionalen partetik. Besteak beste, aurtengo edizinoko lau ohorezko sarituek hartu dabe parte: Greg Street, Tim Willits, Bruce Straley eta Yoko Shimomurak. Adituakaz antolatutako topaketetarako VIP txartelak igaz baino % 40 gehiago saldu dira.

BECeko jarduerak amaitu diran arren, azken eguneko jarduerak geratzen dira 9. Fun & Serious biribiltzeko. Bilboko udaletxean Bideojokoen Industriaren Topaketea egiten dabiz, aurten Suedia herrialde konbidadu dala. Campos Elíseos Antzokian, bestetik, Titanium Sariak emongo ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu