Musikea ardatz, Iratxe Aguilerak eta Chickjuarezek irabazi dabe Sormen Bekea Da!

Bizkaie! 2019-12-06 11:15   azokak

Sormen Bekeak euskerazko kultur produktu baten sorkuntzea hasieratik amaierara lantzen lagunduko dau.

Iratxe Agilera eta David Suarez | Ikusi handiago | Argazki originala


Etzi Portu Maritimoa. ATOPIArpg-eko kideak

Euskeraz sortutako rol-joko batek irabazi eban igaz Durangoko Azokako lehenengo Sormen Bekea: Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztu eban proiektua, eta urtebete izan dau euskeraz sortu eta argitaratutako lehenengo rol-jokoa sortzeko. Proiektu horren izena ATOPIArpg da, eta 2019. urteko Azokan aurkeztu dabe gaur. Bekearen zenbatekoa 15.000 eurokoa, Durangoko Udalaren lankidetzeari esker.

ATOPIArpg-eko kideak pozik azaldu dira upealako lana egin ostean eta liburua egin dabela jakinarazo dau, oraindino ez dagoala deskargau edo behera kargetako aukerarik. Errealidadean ikusitako gauzetan oinarritu dirala esan dabe Euskal Herri arraroaren aldarrikapena eginez. Kontuak kontu, kultura objektu fina egin dabela azpimarratu eta eskerrak emoteko momentuan, Durangoko Udala, Gerediaga, ilustratzaileak zein idazleak aitatu ditue.

Liburua eskuragarri dago 31 euroan.

Landako Guneko Areto Nagusian egindako prentsaurrekoan, Gerediagako alkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Etzi Portu Maritimoa proiektuko taldekideak eta musikea ardatz dauen aurtengo sariduna egon dira.

 

Musikea ardatz 2019. urtean

Iratxe Aguilera eta Chickjuarez izan dira irabazleak. Epaimahaikoek nabarmendu dabe estilo nahasketa orekatua atzemon dabela, ahots personala eta konpromiso zein arazo sozialak jorratu dituela, alde feministea ahaztu barik, ideak argi eta euskerea sustatzeko asmoz pentsautako proiektua. Iratxek Jon Maia lagun izan dabela ohartarazo eta haren berbak nabarmendu ditu: euskerearen periferian sortu eta musika eta kultur adierazpenak batzea eta sustatzea da asmoa.


Sormen Bekea

Gerediagako presidente Nerea Mujikak azaldu dauenez, ohore handia da guretzako hau guztia,hunkituta gagoz; Sormen Bekearen helburua sortzaile barriak babestea izan da: Herri honetako sortzaile berriek asko dabe guri emoteko. Guztioei ahotsa eta plazea eskaintzea izan da Durangoko Azokaren helburua eta horretan gabiz gaur egun be. Durangoko Azokako Sormen Bekeak euskerazko kultur produktu baten sorkuntzea hasieratik amaierara lantzen lagunduko dau.

Mujikak eskertu gura izan dau Durangoko Udalaren laguntzinoa: Hau guztia ez zan posible izango Durangoko Udalaren laguntzino barik. Eurengana jo genduanean, hasieratik sinistu eben proiektuan.

Durangoko alkate Ima Garrastatxuk ondokoa adierazo dau: sortzaile gazteen lan eta bizi baldintzak nahikoa urriak eta gogorrak dirala jaubetuta, Udala prest dago bultzadea eta laguntzinoa eskaintzeko, sortzaileen amesak egi bihurtu daitezan.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu