'Kartzela' serie digitala aurkeztuko dabe Hiru Damatxo eta EITBk Durangoko Azokan

Bizkaie! 2019-12-05 08:35   Kulturea

Abenduaren 9tik 15era zintzilikatuko dira atalak EITBn eta www.kartzela.eus webgunean.



BEC-en preso geratzen diran sei euskal herritarren istorioa dau ardatz fikzinoko lanak. Abenduaren 6an, eguerdiko 12:30ean, Irudienean emongo ditue egindako lanari buruzko nondik norakoak. Ordu bat lehenago EITBren gunean be gaiari tartea eskainiko jako eta proiektuaren sustatzaile, produktore eta aktoreak bertan izango dira.

Hiru Damatxo produzkino etxeak egin dau Kartzela serie digitala, EITBgaz alkarlanean. Zazpi kapituluko lana izango da, eta abenduaren 9tik 15era zintzilikatuko dira atalak EITBren Nahiera plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean. BECen preso dagozan sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak (arnasguneak eta udalerri euskaldunak zein diran adierazoteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskerearen ezagutza % 80 ingurukoa dabenak sartzen dira multzo horretan). BECeko zenbait tokitan atrapauta gelditu ondoren, apurka-apurka topo egingo dabe alkarregaz, eta eraikinetik zelan urten pentsetan hasiko dira. Horretan dabizela sortuko dira lehen galderak: Zenbat egun egingo ditue BEC barruan? Zelan konponduko dira hain izakera desbardina daben sei persona alkar ulertzeko? Kasualidadea izan ete da ala eurak hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?
Erika Olaizola, Jun; Ainhoa Etxebarria, Garazi; Iratxe Urkiaga, Mara; Juanen Saralegi, Juan; Sambou Diaby, Iba eta Amaiur Epher, Ekh dira Kartzela serie digitaleko protagonistak. Arnasgunetako herritarrak dira guztiak: Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazi, hurranez hurran, eta lekuan lekuko euskalkian egiten dabe berba. Aktoreen aukeraketea egiteko zuzendariek euren jatorria, herria, arnasgune bat izatea lehenetsi dabe, Arnasa Gara kanpainearen barruan egin baita webserie hau. Nahiz eta gidoia euskera batuan idatzita egon, aktore bakotxak askatasuna izan dau bere jatorrizko hizkuntzan modu naturalean berba egiteko.

Arnasa Gara kanpainarako egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia. Kanpaina orokorraren helburuak ez eze, iruditegi kolektiboa aldatzea eta erreferenteak sortzeko egitekoa be izan dau serieak. Honako gai honeek lantzen ditu:

- Edadekoek gazteakazko dituen aurreretxiak.

- Euskerea eta euskal kulturea, berezkoa duen neurrian, baloretan ez dauen gaztea VS jarrera kontzienteagoak.

- Beste jatorri bateko herritarrakaz dagozan aurreretxiak. Hareek bizi dituten egoerak, integrazinorako traba diranak.

- Arnasguneetako personek besteak euskeraz berba egiten jarteko daben gaitasuna.

- Ulertuko ez dabelakoan, euskalkia batura hurreratzeko jokerea.

- Hitanoaren erabilerea eta generoa.

- Personaiei jagokenez, aurre egiten deutsee aurreretxiei: arnasgunetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek erretratu aberatsa emoten dau, topikoak hausiz.


Arnasguneak erdigunean

Hedabideetan, euskalgintzan eta hizkuntza-politikako arduradunengan mezua errotu bada be, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotza da herritar gehienentzat oraindino. Hizkuntzea bizibarritzerako funtsezkoak dira arnasguneak, bertan modu naturalean bizi dalako, transmisinoa ziurtatuta dagoalako eta hizkuntzea zabaltzen laguntzen dabelako. Horregaitik, lehen aldiz arnasguneen garrantzia azpimarratuko dauen kanpainea abian jarri dabe 3ko Itunkide diran Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak; UEMAk, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kanpaina honen testuinguruan egin dabe EITBk eta Hiru Damatxok Kartzela serie digitala. Iametza kanpainearen sormenaz eta koordinazino-lanez arduratu da.

Arnasa Gara kanpaineak herri horreen balioa nabarmendu nahi dau, eta euskerearen ongizatean daben garrantzia azpimarratu nahi deutse herritarrei; holan, arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta arnasguneetako errealidadea Euskal Herri osora zabaltzea ditu helburu ekimen honek.


Aurkezpen anitza abenduaren 6an Durangon

Ez ohiko ezaugarriak dituen ekimen honen aurkezpena egingo da abenduaren 6an Durangoko Azokan. Alde batetik, 11:30etatik aurrera EITBren gunean ekimenaren sustatzaileak, produktoreak eta aktoreak izango dira:

• Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria.

• Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea.

• Mikel Arregi, Euskerearen Nafarroako Institutuko zuzendaria.

• Euskerearen Erakunde Publikoko ordezkariren bat (oraindino konfirmau barik).

• Lander Arretxea, Hiru Damatxo-ko kidea eta ‘Kartzela’ webserieko gidoilarietako bat.

• Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga aktoreak, ‘Garazi’ eta ‘Mara’ personaiei bizia emoten deutsienak, hurranez hurran.

Ondoren, 12:30etan Irudienean, Durangoko Azokako Zinemearen gunean Kartzela webseriearen lehen lau kapituluak ikusi ahal izango dira eta proiektu honen ardatza izan dan Arnasa Gara ekimena aurkeztuko dau Iametza komunikazino eta teknologia enpreseak. Irudieneako aurkezpenean izango dira: Eli Pombo, Iametza-ko kudeatzailea; Iñako Gurrutxaga, EITB.eus-eko Eduki burua; Peru Isasi, Hiru Damatxo-ko kidea eta Kartzela webserieko zuzendaria; eta Juanen Saralegi eta Erika Olaizola aktoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu