'La verdadera noche', Lester Alvarez eta Jose Ramon Aiseren erakusketea Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2019-12-04 09:00   Kulturea

2019ko abenduaren 4tik 2020ko urtarrilaren 26ra egongo da zabalik Lantegia 2ko BAT Gunean.

Azkuna Zentroak, Lester Álvarez (Camagüey, 1984) eta José Ramón Ais (Bilbo, 1971) artistek 2018ko Praktika Artistikoen Egoitzan, Azkuna Zentroan, jorratutako proiektuen lana inaugurauko da abenduaren 4an, 19:30ean, Lantegia 2 / Espazio BAT). Egoitza horrek Kuba eta Euskadiko artisten arteko alkartrukea sustatzen dau, espazio bietan ikerketa aldi baten bidez, eta testuinguru artistiko eta lokal ezbardinetan ikerketa eta lana bultzatzen ditu. Carlos Garaicoa estudioak Habanan gauzatzen dauen Artista x Artista programeagaz alkarlanean egiten da.

José Ramón Aisek Brillan en la noche bideo-sorkuntzea aurkeztuko dau, Kubako naturearen eszenetatik abiatuta sortutako fikzinoko paisaje bat zeharkatzen dauena. Gaueko amesgaizto bat, kokoriko eta intsektu bioluminiszenteek argiztatua eta panorama lez eregia. Irudi horretan, herri-kontakizunen atmosferak bat egiten dau iraultzearen jatorrian enblematikoak diran paisajeakaz.

Panoramak burruka historikoak irudikatzen ziran gailu piktorikoak, egitura mailan panopikoaren antzekoa zana, irudiaren, gailu optikoen eta arkitekturearen erabileren azterketa bat edegiten dau ideologiak eregi eta zabaltzeko. Linterna magiko horretan, politika, zientzia, mitologia eta herri-kontakizunak alderdi askotako irudimenean batzen dira.

Lana biribiltzeko, Lester Álvarez artista kubatarraren proiektu bi dagoz ikusgai: La Noche en Cuba eta Viaje del inquisidor Alonso de Salazar.

La Noche en Cuba 1959tik 2019ra bitartean pintautako akuarelen bildumea da, gauari egindako erreferentzietan oinarrituta, eta batez be 1959tik argitaratutako literatura kubatarraren barruan kontautako amesetan sortua. Amesen erresuma irrazionalak boterearen edozein kontakizun antolatu eta totalizatzaile dinamizetan dau. Proiektu horren bidez, artisteak Kubaren irudi bat landu nahi dau bere azken hirurogei urteetan, bere literaturearen zatiak partitura-puntu lez hartzean, klasikotzat joten dauenetik hasi eta debekatua edo ahaztua izan daneraino.

Viaje del inquisidor Alonso de Salazar, barriz, 1611ko maiatzean Alonso de Salazarrek Nafarroako mendietan zehar egindako bidaiaz idatzi eban txosten oparoa ardatz hartu dauen instalazinoa da; haren bidaia berregitea da asmoa, ebidentzia batzuk bilatzeko.

Praktika Artistikoen egonaldiak euskal hizkuntzea eta kulturea mundu osoan zabaltzeaz arduratzen dan Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa dau. Fundación Banco Sabadell-ek egonaldi artistikoak babesten ditu, artea eta kulturea sustatzeko eta zabaltzeko dauen programaren barruan.


José Ramón Ais

José Ramón Ais: UPV/EHUn Arte Ederretan lizentziatuera eskuratuta eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Eskolan lorezaintza-diseinuko ikasketak eginda. Proiektuan, argazki-sail bat sortu dau, Kubako imajinarioa eta paisajea eratzeko izan diran prozesuez hausnartzeko, jazoera historikoak, naturako baliabideen erabilerea eta ustiapena, aldaketa soziopolitikoak eta, batez be, eguneroko erabilerak eta jenteak natureagaz dituan hartu-emon emozionala aintzat hartuta.


Lester Álvarez

Lester Álvarez: Lester Álvarezek Instituto Superior de Arte (ISA) erakundean amaitu zituan goi mailako ikasketak 2011n. Ordutik, sortzaile-ibilbidea lantzen hasi zan; denporea joan ahala, aukera izan dau banakako erakusketak egiteko eta proiektu kolektibo askotan parte hartzeko. Haren lanak sariak be jaso izan ditu, berbarako, Ingalaterrako Emerson Collegeko Tengo Frío Artist Group bekea eta Italiako Sardinian jasotako ISOLE Nazinoarteko Pintura Bienalaren IX. edizinoko lehenengo saria.


Sorkuntzako prozesuei buruzko tailerra Lester Alvarez eta Jose Ramon Aise artistakaz 2020ko urtarrilaren 7an eta 8an.

Tailerrean, 2018an Azkuna Zentroko artista egoiliarrak izan diran Lester Álvarezek eta José Ramón Aisek sorkuntzako prozesuen azterketea egingo dabe, La verdadera noche erakusketea (Benetako gaua, BAT Espazioa. Lantegia 2) eta aurreko proiektu batzuk abiaburutzat hartuta. Alkarrizketa horretan, gehiago sakonduko da bi artisten praktika artistikoak zehazten dituen estrategietan, hainbat diziplinaren arteko gurutzaketea baita, zinema literatura-edizinoa, pinturea, argazki-collagea, paisajea-diseinua eta azterketa sozialak eta politikoak gogoan hartuta.

Lester Álvarezek eta José Ramón Aisek ikerketeari buruz dituen jarrerak erakutsiko ditue tailer honetan; hori funtsezkoa da artista bientzat, eta artelanaren sendotasun formala eta kontzeptuala bilatzeko prozesutzat hartu daiteke, baina helburutzat be bai, hau da, artelana edegita dagoela, beste erabilera batzuetarako eskuragarri dagoan jakintza-iturri legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu