Alex Txikonen bizipenak liburu baten batu ditu Unai Ormaetxeak

Bizkaie! 2019-12-04 09:09   Kulturea

César Llagunoren ilustrazinoek emoten deutsie kolorea argitalpenari.

Alex Txikon eta Unai Ormaetxea, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Sua argitaletxea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Publiko gazteari begirako produktua da Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak (Sua argitaletxea), gaur egungo alpinista ospetsuenetako baten eta haren lagun handia dan Unai Ormaetxea idazlearen alkarlanetik sortua. Neguan eta oxigeno barik Everestera igoteko espedizino baten Alex Txikoni burura etorri jakozan gogoetak eta istorioak dakarz liburuak, eta gurean aurrekaririk bako formatu barritzaile eta hunkigarria dala dino argitaletxeak.

Ez da biografia bat, Alex Txikonen bizitzearen inguruko ikuspegia emoteko ahalegina baino. Testuak Unai Ormaetxearenak dira, baina Lemoako alpinisteagaz batera, alkarlan estuan, idatzi ditu. Menditazioak izena emon deutsie Txikonen gogoeta eta bizipenoi, mendi eta meditazio berben arteko jokoa eginaz. César Llagunoren ilustrazinoak liburuaren beste funtsezko parte bat dira.

Everestera bidean Txikonek topau dituan paisaje, kultura eta personen ganean gogoetea egiteaz gan, mendiagaz lotutako kontu eta istorioak sartu ditue liburuan. Horreen bidez, bizitzako balio nagusietako batzuk mahai ganera ekarri ditue. Kontua ez da tontorrera heltzea, zelan jokatzen dogun baino, azaldu dabe aurkezpenean.

Ganera, Txikonek Himalaia aldean topau dituan herri, kultura, erlijino, lagun eta paisajeek be lekua dabe kontakizunean. Bere buruagaz eta Motx izeneko motxileagaz eten barik egiten dau berba alpinisteak, gai ugariren inguruko bizipen eta gogoetak kateatuz. Liburuaren berbaurrea Rafa Ugaldek idatzi dau, eta, berbatzea, Juanra Madariagak.

Gizatasunagaz eta alkartasunagaz lotutako balioak modu atseginean zabaltzen dituan ezkero, gazteentzat liburu aproposa da Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak. Halandabe, helduek zein umeek irakurteko eta gozetako modukoa be badala dino Sua argitaletxeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu