Comme des Garçons prêt-à-porter japoniar etxearen sorkuntza lan bat aurkeztu dabe
2019-12-03 13:45 Kulturea2019ko abenduaren 4tik 2020ko apirilaren 19ra egongo da ikusgai Bilbon.
Aurkezpenean izan dira María Beguiristain, Banco Santander Fundazinoko Arte eta Erakusketa zuzendaria; Patricia Arias, Banco Santander banketxeko Euskadiko lurralde zuzendaria eta Museoaren Patronatuko bokala; Miren Arzalluz, Palais Galliera, Musée de la Mode de la Ville de Pariseko zuzendaria; eta Alexandre Samson, Palais Galliera, Musée de la Mode de la Ville de Paris museoko haute couture bildumearen eta sorkuntza garaikidearen arduraduna; eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria.
Bilboko Arte Eder Museoak, Obra Gonbidatua programearen barruan, eta Banco Santander Fundazinoaren babesagaz, Comme des Garçons prêt-à-porter japoniar etxearen 2016ko udagoien-neguko bildumeari jagokon sorkuntza lan bat erakutsiko dau. Aitatutako japoniar etxe hori Rei Kawakubo diseinatzaileak sortu eban eta bera da bertako zuzendaria. Lana Palais Galliera (Parisko Modearen Museoa) museoko bildumakoa da.
Lehenengo aldia da, 18 urtez gure museoan Obra Gonbidatua formatua egiten dagoanetik moda lan bat aurkezten dala, izan be, aurreko 61 edizinoetan pinturak erakutsi dira jentaurrean, baita eskulturak, papel gaineko lanak, tapizak, arkeologiako lanak, instalazinoak eta performance bat be.
Modako erakusketek, barriz, oso aurrekari gitxi izan ditue Bilboko Arte Eder Museoan, baina benetan nabarmenak izan dira gitxi horreek, Balenciaga. Mugaren diseinua eta 50eko hamarkadea. Moda Frantzian 1947-1957 erakusketen barruan. Lehena 2010ean izan zan, eta bigarrena, barriz, 2015ean. Azken horretan ehun modelo eta osogarri batu ziran, Pallais Galliera museokoak gehienak eta orduko haretan bertako zuzendari zan Olivier Saillardek hautatuak. Bilboko erakusketea haretarako Miren Arzalluzek jardun eban komisario laguntzaile moduan, eta gaur egun bera da, hain zuzen be, Parisko museoaren zuzendaria.
Arzalluz aditua da trajearen eta modearen historian, eta Comme des Garçons abangoardiako etxearen jantzi garaikide ikusgarria hautatu dau oraingo honetarako. Alkarrizketa arina sortzen da jantziaren forma organikoen eta Bilboko museoko alfabetoaren Ñ (ñabar / multicolor) aretoko pinturek dituen kolore bizien artean.
Comme des Garçons, Rei Kawakubo
Pieza hau Palais Gallieraren (Pariseko Modearen Museoa) funtsetakoa da. 2016ko udagoien-negu sasoiko soineko bat da, Rei Kawakubo diseinatzaileak sortu eta zuzendutako Comme des Garçons japoniar prêt-à-porter firmearena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!