Kafe Antzokiko 'gau magikoa' disko baten batu dabe Garik eta Josu Zabalak

Dabi Piedra 2019-12-03 12:55   Musikea

Bederatzi kantu eta bideo bat dakarz lan barriak.

Kafe Antzokian bertan egin dabe aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Ia ezustean etorri jake Iñaki Garitaonaindia, Gari-ri, eta Josu Zabalari diskoa ateratzeko proiektua. Berez, irailaren 17an Bilboko Kafe Antzokian jotako kontzertua proba moduan ikusi eben hasikeran, alkarregaz oholtzara igon barik aspalditik egozalako biak. Baina emonaldi biribila izan zanez, Kafe Antzokiaren beraren ekimenez, disko baten batu ditue gau haretako bizipenak.

Garik onartu dauenez, kontzertuak euren espektatibak gainditu zituan: Gau magikoa izan zan, giro emozional handikoa. Josu Zabalarentzat be, berezia izan zan irailaren 17a, eta ez soilik berarentzat lehenengo kontzertua zalako aspaldiko partez. Kontzertu itzela izan zan, maitatuak sentidu ginan. Ez da gitxiagorako, aretoa goraino bete zalako Hertzainak taldeko bikote ezaguna izandakoa barriro zuzenean entzuteko.

Bilboko Kafe Antzokiak laster 25 urte beteko dituanez, kontzertuaren zuzeneko diskoa ateratzeko proposamena egin eutsen Zabalari eta Gariri. Onartu egin eben, oholtzan gustura egon ziralako, produkzinoaren aldetik nekeza dan arren holako proiektu bati ekitea. Hori dala eta, laburra da diskoa, kontzertuko bederatzi kantu baino ez dakarz, eta bideo hau, baina Garik ziurtatu dauenez, gau haretako emozinoak bertan dagoz.

Honen guztiaren abiapuntua aurtengo zezeil bueltan dagoala gogoratu dau Zabalak. Gizon honek [Garik] erreskatau ninduan, kontau dau umorez. Luzaroan agertokietartik kanpo egon eta gero, bueltetako proposamena jaso eban Zabalak, Garik Hertzainak barriro biztuteko asmoa eukalako. Zalantzakaz hasieran, baiezkoa emon eban: Dozena erdi kantu egin genduzan probetako, eta zirrara moduko bat sentidu neban neure barruan, horrek segidea izan behar ebala esan eustan Garik.

Gero be, Hertzainak talde mitikoa ezin izan eben barriro batu, baina eurek biek aurrera egitea pentsau eben. Bilboko Euskalduna Jauregian joteko proposamena mahai ganean euken, eta baietz esan eben. Ordu dezente sartu genduzan Hertzainaken kantuak 21. mendean berrinterpretetako, gogoratu dau Zabalak. Maldan Behera taldeko kideen eta Teo Etxabururen laguntzinoa ezinbestekoa izan da proiektuan.

Hortaz, Kafe Antzokiko kontzertua Euskaldunakoaren aurretik jo beharreko probatxu bat baino ez zan hasieran, aspaldian alkarregaz jo barik egon eta gero, martxea berreskuratzeko. Intimoagoa, hurrekoagoa egiten jaken Kafe Antzokia Euskalduna baino. Baina, gau magikoa izan zanez, horren oroigarri bihurtu da diskoa, azken orduko idea legez.

Euskaldunako hitzordua be heldu zan, azkenean kontzertu bi, eta bietan saldu ziran sarrera guztiak. Han be, giroa desbardina izan arren, poz-pozik egon ziran Gari eta Josu Zabala, pilo bat konbidadu euki zituen oholtzan, eta Euskalduna hankaz gora jarri eben. Kontzertu bikotxaren bideoa atontzen dabiz orain, Gabonetan telebistan emoteko prest eukiteko asmoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu